GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EAJ «PSOEren morroi» dela adierazi du ezker abertzaleak

GARA |

EAJ hizkuntza ereduen legea eraldatzeko proposamenetik aldendu izana gogor kritikatu du ezker abertzaleak. «Euskal Herriaren gehiengoaren kontrako erasoa» dela baieztatu du. Jeltzaleek erabaki hori «estatu inposatzaileen morrontzari eutsiz» hartu dutela deitoratu eta «gure hizkuntzari, kulturari eta herri honen gehiengoaren na- hiari muzin egin ondoren», alderdi honen egitasmo politikoa zertan den itaundu du.

Ezker abertzalearen aburuz, EAJk ez du Euskal Herriari begirako eskaintza politikorik. Are gehiago, «EAJren proiektu bakarra hainbeste etekin dakarkion marko autonomikoa kudeatzea» dela adierazi zuen; eta kudeaketa hori gainera, «kosta ahala kosta» egin nahi izatea kritikatu du.

Ezker abertzaleak Euskal Herri osorako baliagarria den hizkuntza politika defendatu du, «euskal herritar ororen hezkuntza eta hizkuntza eskubide guztien gauzatzea bermatuko duen» politika, hain zuzen ere. Xede hau gainera, gaur egungo admnistrazioek dituzten eskumenei helduta egin daitekeela ere esan du. Horretarako ordea, borondate politikoa beharrezkoa dela adierazi eta «borondate» hori izan dezaten herri presioa ezinbesteko jo du.

EB, adostasunaren alde

Hizkuntza ereduen legea aldatzeko proiektuak «eskubideak mugatu eta eredu bakarra inposatzen» duela deritzo PPk. Horrez gain, «era honetako lege bat korrika eta presaka» onartu nahi izatea deitoratu du. Eraldaketa hau hiru urtez iragartzen aritu ondoren, legegintzaldiaren amaieran onartzea «bitxia» da PPren ustez.

Ezker Batuak aldiz, negoziatzen jarraitzeko «jarrera irekia» erakutsi zuen atzo; haren ustez, lege honek «ahalik eta adostasun zabalena» lortu behar baitu. Euskara eta euskalduntzea «borroka politikotik at» geratu behar direla defendatu eta ezin direla «elkarri eraso egiteko arma» bilakatu nabarmendu zuen alderdi horrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo