GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Segurtasuna kontrol sozialerako aitzakia gisa

Baionako festak igaro dira, giro onean igaro ere. Baina azken gaueko istiluek festen arrakasta ilundu dute. Igande gauean, goizeko hiru eta erdiak aldera eta tabernak itxi ondoren, CRSak Baiona Ttipiko Tonneliers kalean sartu ziren. Gau osoa inguruan ibili ondoren, Polizia tabernak ixteko ordua zela aitzakia hartuta inguratu zen bertara. Bertan zeuden herritarrak, tabernak ordurako itxiak zirela esanda, sesioan hasi ziren poliziekin, jazarpenaren arrazoiak eskatuz. Bertsio desberdinen arabera, poliziek argudiorik ez emateaz gain probokatzen jarraitu eta bertan zeuden herritarren aurka egin zuten. Jendea oldartu egin zen, eta poliziek beren esku zuten istiluen aurkako material guztia erabili zuten: gomazko pilotak, ke-potoak, borrak... Gainera, hasiera batean behintzat, ez zieten zaurituak artatzera joandako anbulantziei istiluen tokiraino heltzen utzi. Alegia, jai giroan eta legea betetzen ari ziren herritar eta tabernariak jazartzeaz gain, gogor eraso zuten jendez lepo zegoen kalean. Inguruko kaleetan, ordea, zenbait taberna oraindik zabalik egon arren, poliziek ez zuten sartzeko keinurik egin.

Orokorrean, segurtasunaren aitzakia erabilita, Poliziak kontrol soziala areagotzeko neurriak hartzen ditu maiz. Baionan, azken urteetan areagotu diren eraso sexisten harira sortutako neurriek dimentsio errepresiboa hartu dute azkenean. Une honetan, eraso horiek zein puntutaraino murriztu edo eragotzi diren jakin ezin den arren, neurriek bestelako ondorio hau izan dutela baiezta daiteke. Alegia, delituen aurka ez, baizik eta festen ikuskera herritarraren aurka altxatu dira beste behin ere polizia frantsesak. Gainera, kasu zehatz honetan, Tonneliers giro euskaltzalearen eta abertzalearen parte handi bat biltzen duen kalea izanik, sektore sozial jakin baten aurka egiteko borondatea antzeman daiteke polizia operazio honen atzean.

Ipar Euskal Herrian askok abertzaletasuna biolentziarekin lotu nahi dute. Baina, hori egin ahal izateko, sarri, beraiek eragin behar izaten dute biolentzia. Hori da, eta ez beste ezer, Baionan herenegun gertatu zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo