GARA > Idatzia > > Kultura

Mendizabalen erakusketa berriak ikusleak entzule bihurtuko ditu

1980ko hamarkadan Euskal Herriko gai mitologikoak landu eta, ondoren, 1990eko hamarraldian, pilotaren mundura gerturatu eta gero, Antton Mendizabal eskultoreak oraingoan musikan jarri du arreta. Orain urte asko burutu nahi zuen lana da Donostiako Kutxa Boulevard aretoan atzo aurkeztu zuena, hain zuzen, haurtzaroan, San Bizente elizan, Joaquin Pildain organistaren eskutik Olivier Messiaenen lanak entzuten zituenean mamitzen hasitakoa.

p036_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Donostiako Musika Hamabostaldiak aurten Olivier Messiaen musikaria omentzen du, baina ez da bakarra, izan ere, Antton Mendizabal eskultore donostiarrak ere bere ekarpena egin baitio Hamabostaldiaren omenaldiari.

Haurtzaroan maitemindu zen Mendizabal Messiaenen lanekin, San Bizente elizan Joaquin Pildain organistak egiten zituen musikari frantsesaren obren interpretazioak entzutean. «Betidanikoa da erakusketa hau, beti izan dut buruan, baina orain arte ez naiz burutzeko gai sentitu», azaldu zuen, zentzu honetan, eskultore donostiarrak.

Donostiako Kutxa Boulevard aretoan gaurtik irailaren 14a bitarte ikus daitekeen «Soinuak soin-El sonido hecho visible» erakusketaren protagonista, hortaz, Olivier Messiaen da, nahiz eta 1940an preso zegoela konposatutako «Munduaren amaierako kuartetoa» lanak eta organoak berak duten protagonismo berezia.

Bi atal

Erakusketa bi ataletan banatzen da: batetik, lehen solairuan, «ahotsean eta instrumentuetan oinarritutako» lanak biltzen dira eta bestetik, bigarren solairuan, organoari bereziki lotutako eskulturak ikus daitezke. «Esperientzia berezi xamarra da honakoa. Eskultura bilduma hau musikatik abiatutakoa delako, hain zuzen», esan zuen Mendizabalek.

Horiek horrela, eskultorearen «Musikaz» serieko 23 eskultura zein «Estala Pildain» lana eta Karmele Ruiz artistak egindako «Stalag VIII-A» instalazioa daude ikusgai Kutxa Boulevard aretoan. Ruizen lanaren barruan, gainera, «kalamastra» xamar dagoen piano bat dago, eta bertan Musikeneko Loïc Mallié Inprobisazio irakasleak inprobisazio emanaldiak eskainiko ditu, baita beraren ikasle Eloi Orzais, Jose Miguel Martinez Carrobles, Sergio Bermudez, Aurelio Edler, Laura Gimmello eta Urtzi Iraizoz musikariek ere. Inprobisazio emanaldi hauek, erakusketak irauten duen bitartean, astearte guztietan izango dira.

Pianoa bertikala da, Messiaenek kartzelan halakoa izan baitzuen eskura, eta argazkietan azaltzen denez, «Munduaren amaierako kuartetoa» sortzeko erabilitakoaren oso antzekoa da.

«Soinuak soin-El sonido hecho visible» erakusketak, hala ere, baditu elementu gehiago: bideo-gelan etengabe eskainiko dute erakusketarako bereziki egindako ikus-entzunezko bat, Mendizabalen eta Messiaen lanen arteko loturaren berri ematen duena; gainera, lehenengo solairuan Mendizabal konposatzaile frantsesarekin zergatik maitemindu zen jakiteko Messiaenen lana biltzen duen CD guztiak izango ditu eskura bisitariak. Mintzaira plastikotik abiatuta, musika-sormeneko saioak ere izango dira antolatu dituzten hainbat tailerretan.

Antton Mendizabalek ikusleak entzule bihurtu nahi ditu bere azken erakusketa honekin. Izan ere, eskultorearentzat «Soinuak soin»ek giro musikala sortzen du erakusketan erabili duten eszenografia eta argi jokoei esker. «Messiaenen espirituari jarraitzen dio», esan zuen Mendizabalek. «Messiaen oso mistikoa zen, geroarekin jolastea zuen gustuko eta oso eszenografikoa zen», gaineratu zuen.

Instalazioa

Karmele Ruizen «Stalag VIII-A» lanak eta aipatu pianoak osatzen duten instalazioari dagokionez, Mendizabalek adierazi zuenez, horren helburua erakusketa «bizia» egitea da.

Instalazioak «kontrako bidea» egingo du gainera. Hau da, eskultoreak musikatik abiatuta eskulturak egin zituen, eta honakoan, aldiz, Musikeneko irakasle zein ikasleek alderantziz egingo dute asteartero. «Ikasleei Messiaenen musika eta Mendizabalen eskultura jarri, eta horren gainean inprobisatu egin beharko dute», argitu zuen Loïc Mallié pianistak, Messiaenen beraren ikasle izandakoa denak. «Ekimen honekin talentu berriak ezagutzera eman nahi ditugu, etorkizuneko musika izarrak», esan zuen eskultoreak.

Karmele Ruizek, bestalde, sabaitik zintzilik dagoen alanbrezko instalazioa egin du. «Erdi irekita dauden alanbrezko kaiola modukoak egin ditut, konposatzaileak `Munduaren amaierako kuartetoa' sortzean, kartzelan egonda ere, nolabaiteko askatasuna aurkitu zuelako. Instalazioa egiteko egoera lazgarri hura bizi zutenen bizipenak irakurri ditut, besteak beste», argitu zuen. Inprobisazioak egiteko erabiliko duten pianoaren inguruan eta gainean dago instalazio hori.

IKUSTALDI GIDATUAK

«Soinuak soin» erakusketan barneratzen direnek erraz erabiltzeko moduko audio-gida izango dute eskura, haren bidez artelanei buruzko azalpenak entzuteko.

Fitxa

Tokia: Kutxa Boulevard aretoa, Donostia.

Data: Gaurtik irailaren 14a bitartean.

Ordutegia: Lanegunetan zein jaiegunetan, 11.30etik 13.30ak arte, eta 17.00etatik 21.00ak arte.

Sarrera: Doan.

El compositor de los pájaros y el color

Las esculturas que Antton Mendizabal muestra en la exposición «Soinuak soin-El sonido hecho visible» muestran, aunque no es nada habitual en él, destellos de color. Y es que Mendizabal se ha inspirado en el compositor francés Olivier Messiaen (1908-1992) que cuenta con composiciones llenas de color, puesto que el organista veía en su mente las notas que creaba en manchas de color. También hay pájaros en las esculturas de Mendizabal, no en vano Messiaen era ornitólogo y, admirado por el trino de los pájaros, lo intentaba reflejar en sus composiciones.

Messiaen demostró un extraordinario talento musical desde su infancia y fue un excelente organista. En 1931 obtuvo la plaza de organista en la iglesia La Trinité de París, y ocupó este puesto durante más de sesenta años. Destacó como compositor, ya que optó por romper moldes e investigar con innovadoras vías de creación. Sus composiciones, más que por la melodía, destacan por ser audazmente peculiares y vanguardistas. Compuso «Cuarteto para el fin de los tiempos» en 1940, mientras se encontraba preso tras ser encarcelado durante la batalla de Francia R.C.

INPROBISAZIO ZIKLOA

Inprobisazio saioak asteartero izango dira, 19.30ean. Loïc Mallié Musikeneko irakaslea abuztuaren 12an arituko da, eta ondoren bere ikasleen txanda etorriko da: Eloy Orzais (abuztuak 19), Jose Miguel Martinez Carrobles (26), Sergio Bermudez eta Aurelio Edler (irailak 2), eta Laura Gimello eta Urtzi Iraizoz (9).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo