GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Turismoa egin bitartean, defenda dezagun espainola!

Ondarroan autobusera igo eta nire atzean jesarri zen turista familia espainolak lehengo egunean argi utzi zuen bezala: «arraz-zald-oo- de-on?» panfleto batetik irakurtzen «vaya cosa más rara, con lo fácil que es decir buenos días». Harrapatu hori!

Bada jendea hobby arraroak dituena. Batzuek hozkailuetan itsasten diren forma ezberdinetako iman koloretsuen bilduma egiten dute, beste batzuek aldizkarietako erretratuekin collage modukoekin karpetak eta karpetak betetzen dituzte, zenbaitek gomak batu eta batu eta azkenean pilota itzelak osatzen dituzte... neuk ere badaukat hobby osasungaitz bat: edozelako egunkariak irakurtzea. Badakit egunkari asko gogoaren orekarako eta nerbioetarako benetan kaltegarriak direla, baina hor ibiltzen naiz ni: «El Correo», «El Mundo», «Abc»... Tira, goizero Losantos entzun behar duenik ere ezagutzen dut.

Aste honetan bertan «El Mundo»n («mundu paraleloa» benetan) kontu berezia topatu nuen: «Carteles contra el bilingüismo». Hasiera batean hizkuntza bakar bat erabiltzearen aldeko kartel sorta izan zitekeela pentsatu nuen, ez euskararik, ez galegorik, ez katalanik eta, gainera, ez ingeles arrotzik, ez gabatxorik, ezta txino mandarinik ere... hizkuntza bakarra espainola, Espainia legez, bat, handia eta askea delako.

Horrenbestez, espainol ia guztiek hizkuntza bakarra besterik ez dakitela jakinda -eta askok gainera nahiko txarto-, inbidiak zerikusi handia eduki zezakeela pentsatzen nuen bitartean, web orri horretara igarotzeko esteka sakatu nuen eta... horra hor ezustekoa! Nork asmatuko zuen... Nork esango zien orain dela urte gutxi batzuk «El Mundo»ko atzerakoi faxistoideei elebitasunaren «defentsa» egin beharko zutela!

Jendeak parte hartzea benetan gustuko duenez, «El Mundo Paralelo»koek atal bat asmatu dute jendeak «elebitasuna urratzen duten» argazkiak bidali ahal izan ditzan, Galizian, Euskal Herrian edo Països Catalans-etan turismoa egiten duten bitartean. Hizkuntza bakarrean dauden kartelak, seinaleak, zerbitzuak, museoak... aipatutako «erkidegoetako bigarren hizkuntza ofiziala ez dakiten herritarrentzat» oztopo izan daitekeen guztia bidali ahal dute. Euren berbetan: «todo nos vale».

Eskema honen barruan, Ondarroan autobusera igo eta nire atzean jesarri zen turista familia espainolak lehengo egunean argi utzi zuen bezala: «arraz-zald-oo-de-on?» panfleto batetik irakurtzen «vaya cosa más rara, con lo fácil que es decir buenos días». Harrapatu hori! Inoren etxera etorri eta muturrera iseka egin!

Inoiz Mihiluze programan atera duten «kaskoa erabiltzea palaz jokuan bete beharreko da» kartela ere birziklatu dute gurutzada honetarako, hori bai, gaztelaniaz ondo dakarren atala argazkitik kenduta, eta Urduñako kartela barik, Etxarrikoa dela esanda, denok dakigunez, Etxarrin gaiztoak besterik ez direla bizi. Bidaltzaile moduan Juan Mari Larribilgoyenechea agertzen da, mundu paralelo horretako biztanle imaginarioa.

Benetan, ez nuen uste elebakarra izateak batzuei neuronak hain hondatuta utzi eta burmuinean hainbesteko mina egin ziezaiekeenik... Beraiek esaten duten bezala, «todo les vale».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo