GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pirata mozorro eta guzti, hasi da Donostiako Aste Nagusi alternatiboa

Atzo arratsaldean eman zioten hasiera «Bota aingura gune herrikoietan» lelopean antolatutako seigarren Aste Nagusi Piratari. Aurtengoan ere, Kontzertu Pirata eta asteleheneko Abordatze Eguna ez dira faltako.

p021_f02_111x111.jpg

Janire ARRONDO |

Atzo arratsaldean eman zioten hasiera donostiarrek seigarren Aste Nagusi Piratari. Gazte andana bildu zen, Alde Zaharreko tabernetan poteatzeko asmoz. Giroa alaituz Pasai txaranga ibili zen piratekin batera.

Trinitate plazan elkartu ziren, pirata mozorro eta guzti, eta ondoren inguruko kaleetan ibili ziren.

Beste urteetan ez bezala, aurtengoan ostiralean hasi dituzte jaiak, «inoiz egin ez bezala, Udalak egitarau ofiziala egun bat lehenago hastea erabaki duelako». Aurreko urteetan, larunbateko Kontzertu Piratarekin ematen zitzaien jaiei hasiera, aurten ordea, egun bat aurreratu dute. Aste Nagusi Pirataren antolatzaileen esanetan ordea, «Udalaren aldaketa horrek, ez digu inongo kalterik egin, guk gure jaia berdin-berdin egingo dugulako».

Seigarrenez jarraian

Seigarren urtea da Donostiako Piratek Aste Nagusirako egitarau propioa egin dutela, oraingoan, «Bota aingura gune herrikoietan!» lelopean. Aurtengoan ere, jendearen parte-hartzea bultzatuko duten jaiak prestatu dituzte, «egitarau ofizialean parte-hartzeak lekurik ez duela ikusita». Beren hitzetan, «egitarau xume baina euskaldun, parte-hartzaile eta parekidea» prestatu dute, «udalaren filosofia merkantilistatik itsas milia askotara dagoena».

Antolatzaileek adierazi zutenez, «ezinbestekoa da herrian errotu den ekimen honi jarraipena emateko gune duin eta iraunkor batzuk zehazten joatea». Hiriko gune publikoak erabiltzeko eskubidea dutela berretsi dute Donostiako Piratek, beren hitzetan, «badelako garaia hiriak dituen baliabide ezberdinen administrazioa hiriaren beraren argazki edo erradiografia sozialetik gertuago egoteko».

Egitarau bete-betea

Gaur gauen, berriz, Kontzertu Pirata izango da Trinitate plazan, eta bertan izango dira Soziedad Alkoholika, Doctor Deseo eta Naizroxa taldeak. Aurrez sarrerarik eskuratu ez duenak, bertan lortu ahal izango ditu.

Datozen egunetarako ere egitarau bete-betea izango dute. Astelehenean Abordatzearen egun handiaren ondoren, koadrila arteko altxorraren bila eta beste hainbat joko egingo dituzte astean zehar. Igandean berriz, jaiei amaiera emateko, Irrikitaldia egingo dute.

Kanoikada

Gaur iluntzean egingo da Alderdi Ederren, urtero legez, Aste Nagusi ofizialari hasiera emango dion kanoikada. Aurten Bruesa Gipuzkoa Basket Club taldea arduratuko da «Artillero dale fuego» doinuaz.

Aurretik, ordea, Donostiako Udalak adierazi zuenez, leku berean, 18.30ean hasita, «Con ritmo al cañonazo» ekitaldia egingo du Banda del Surdo taldeak, perkusio, txaranga eta hankapaluekin batera.

Bestetik, ordu berean, buruhandiak eta erraldoiak Alde Zaharreko kaleetan ibiliko dira.

pirata jantzita

Aste Nagusi Piratari hasiera emateko, jende andana elkartu zen Donostiako Trinitate plazan, pirata mozorroak jantzi eta Alde Zaharreko kaleetan ibiltzeko.

kontzertu pirata

Gaur gauen Kontzertu Pirata izango da Trinitate plazan, eta bertan joko dute, Soziedad Alkoholika, Doctor Deseo eta Naizroxa musika taldeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo