«Nire ustez biharko euskal etxea ez da tradizionaletik oso deskonektatua izanen»
Etnologoa eta Euskal kultur erakundeko kidea
Arkitektura eta etnologia gurutzatzen dira Teresa Lekumberriren (Ortzaize, 1962) azterbidean, beti ere euskal etxearen garapen, ezaugarri eta kontzeptualizazioa jomuga duela. Lapurdiko etxea ikertzen aritzen da batik bat, dioenez «hura baita eredua edo arketipoa, Ipar Euskal Herrian gutxienez». Etxea euskal kultura tradizionalaren zutabeetako bat bezala ulertzen du berak.
Xabi HERNANDEZ | BIARRITZ
«Zer etorkizun Etxearentzat?» hitzaldia eskaini zuen Lekumberrik joan den astean, eta orain hariari heldu diogu berriz ere.
Praktikotasunaz gain, etxeak balio sinboliko handia izan du Euskal Herrian, ezta?
Bai, etxeak balio sinboliko handia ukan du jendearen gogoan. Etxea Euskal Herrian bizitegia baino gehiago zen. Lehenik, naturarekiko lotura elementu garrantzitsua izan da eta, era berean, errito lekua zen. Erritoak familiartekoak zaintzeko izaten ziren, ez soilik bizi zirenak zaintzeko, baita hilak ere. Etxea naturala eta naturaz gaindikoaren arteko esteka zen, hilaren eta bizidunaren artean kokatzen zen.
Etxea badakigu lehengo familia ereduan biziki garrantzitsua zela. Izan ere, «etxeondoa» deitutakoak bizpahiru belaunaldi aterpetzen zituen, eta bazuen, hortaz, izate ekonomikorik. Horretaz gain, zuen balio morala nabarmendu behar da, etxe bakoitzeko ordezkari bat herriko edo bailarako biltzarretara joaten baitzen etxea ordezkatzera. Horrela, bere tokia zuen herrian, eta bertako jaun edo andere bakoitzak erabakitzeko gaitasuna zuen biltzarretan. Izate moral hori etxearen izenak indartzen zuen, horren lekuko baitzen. Familiak ez zion etxeari izena ematen, etxeak familiarteari baizik, eta kideek hura gordetzen zuten. Gaur oraindik eskualde batzuetan herritarrari etxearen izenez deitzen zaio.
Ezaugarri desberdineko etxe anitz egon izan dira eta daude euskal lurraldeetan zehar. Zer ezaugarri komun eta zer ezberdintasun antzematen dira?
Arkitekturari so egiten bazaio ere, elementu berdintsuak aurki daitezke herrialde guztietan. Alabaina, fokoa gerturatzen badugu, euskal etxe franko badirela ikusiko dugu. Dena den, desberdintasunen banaketa ezin da hertsiki probintziaka ezarri; gehiago da eskualde edo bailaraka, inguruak zein klimak baldintzatzen baitituzte ezaugarri hauek.
Egia da, aldiz, herrialde bakoitzak badituela eredu jakin batzuk, baina herrialdearen barnean ere berezitasunak izaten dira.
Beraz, eredu desberdinak izan arren, kontzeptualki euskal etxeaz hitz egin genezake?
Nik baietz uste dut. Badira konstante batzuk irudizko euskal etxea karakterizatzen dituztenak. Tipologia zehatzak baldin badira ere, aitortu behar da kanpotik jiten den batek gure paisaietan arkitektura mailan armonia eta parekotasuna ikusten duela. Hori ezin da ukatu eta, beraz, erran behar da oinarri komun bat dela. Halere, sortutako estereotipoek eta dagoen aniztasunak talka egiten dute.
Nola eragin du denboraren joanak gure arkitektura tradizionalean?
Bada, jendarte, estetika, familia eta ekonomia ereduak aldatu egin dira, eta hauek izan dira garapenerako faktore nagusiak, oinarrian.
Baloreak aski aldatu dira; hau da, espazio pribatu eta publikoaren berdefinizioa eman da, intimitateari buruzko kontzeptua aldatu da, familiartekoen kopurua txikitu da, bizimoldea lasterragoa da eta harreman komunitarioak urrundu dira. Horrela, irekiduren handitasuna, banaketa eta egitura behar eta erabilera berrietara egokitu dira, eta modernitateak elementu berriak ekarri ditu. Forma aldatu bada ere, estiloa gorde da guti gorabehera.
Bertako herritarrek egun eraikuntza tradizionalarekiko nolabaiteko atxikimendua dutela uste duzu?
Uste dut egun gure inkoszientean garrantzi hortatik pixka bat oraino badela edo, nahi ala ez, etxearen izpiritu hortatik zerbait sentitu daitekeela gure bizimoldean.
Ez dut pentsatzen, Ipar Euskal Herriko barnealdeko herrietan behintzat, inor gutxi antzemanen ahal denik etxearekiko sentsibilitate minimorik ez duenik. Etxea eta bere inguruan den guztia gure kulturaren atal errokoa da, nortasun kolektiboaren parte, hain justu, hizkuntza izan daitekeen eran. Hala ere, hiri handi bateko etxebizitza-blokean bizi den gazteen belaunaldi batentzat etxeak erranahi izpirik ez duela uste dut, haien erreferente kulturalak beste oinarri batzuk dituelako.
Nora begira dago euskal eraikitze tradizionala egun erreferente estetiko eta funtzionalei dagokionez?
Ipar Euskal Herrian eztabaida sakona da momentu honetan, beste aldean ematen ari ez dena, nire irudiko, iragana eta geroaren arteko uztarketa eta doikuntza nolakoa izan behar den aztertzeko. Euskal kulturaren beste alorretan jakin izan badugu aitzina nola jo, arkitekturan ere sortzen asmatuko dugula konfiantza badut, biharko gure etxea ez baita ohikotik arrunt deskonektatua izanen. Transmisioak bere zeregina beteko du alor honetan ere. Ausardi amiñi bat beharko da, hauxe izanen baita geroko ohitura.
«Familiak ez zion etxeari izena ematen, etxeak familiarteari baizik, eta kideek hura gordetzen zuten beti»
«Etxea eta bere inguruan den guztia kulturaren atal errokoa da, nortasun kolektiboaren parte»