GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Euskararen egoera Nafarroan

Hemen esango dudanak balioko du bereziki Nafarroa Garairako, baina, jakina, oro har, Euskal Herri osorako ere balio lezake.

Jarraitu baino lehen zera azaldu nahi dut, bi esparru nagusitan zatituko dudala idatzi honetan adieraziko dudana, alegia, bata, eremu publikoarena nolabait esateko: administrazioak, gobernuak, legeak eta abar, eta bestea, alor pribatuarena: harreman pertsonalak, kultur kontsumoa, euskararen transmisioa, eta bat eta beste.

Lehenengoaren inguruan ez dut asko hitz egingo, denok dakigu-eta zein egoera zaila dugun Euskal Herri osoan euskarari dagokionez, bereziki Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Komunitatean. Espainiako, Frantziako eta Nafarroako gobernuek ez diote asko laguntzen euskarari, are gehiago, kasu askotan esan daiteke aurkakoa egiten dutela eta, jakina, beren legeek, araudiek, ordenantzek, administrazio publikoek eta abarrek modu bertsuan jokatzen dute; horregatik, nire iritziz, arlo horretan euskaltzale, ezkertiar, abertzale guzti-guztiok eta abarrek jarraitu beharko dugu lan serioa eginez, hor pixkanaka-pixkanaka, egoera aldatzeko lorpenak eskuratzen, hau da, legeak, ordenantzak, araudiak eta abar hobetuz, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Bigarrena, ordea, nire ustez, eskuragarriago dugu, hots, askotan aukeratu ahal ditugu hedabideak, prentsa, abestiak, zinema -hau gutxiagotan-, literatura, aldizkariak, elkarrizketak -etxean, kalean, lantokian, aisialdian...- eta abar euskarazkoak ala erdarazkoak izatea. Beste horrenbeste gertatzen da gurasoen transmisioarekin, etorkinekin... Denetan erakusbide onak eta txarrak ikusten ditut. Konparaziora, adituek askotan esaten digute euskal produktuen kontsumoa oso txikia dela, eta hori bakarrik euskaldunon ardura da, hau da, geurea. Halaber, nire aburuz, gehiegitan ikusten dira euskaldunak beraien artean lasai-lasai erdaraz egiten, inork behartu gabe, edo guraso batzuk, transmisiorik egin ez dutenak -Julian Retegi, Fernando Arretxe, kasu ospetsu batzuk jartzeagatik-, edo euskal dantzari, txistulari eta dultzainari artean berdin, erdaraz mintzatzeaz gain, izenak ere gaztelaniaz edo frantsesez aipatzen -La Era, Valcarlos, El Zortziko de Lantz, El Ingurutxo de Iribas, El Aurresku, El Agur Jaunak, El Gernikako...-. Zorionez, alderantzizko kasu ondratsuak ere ezagutzen ditut, gutxiago baldin badira ere: euskara ederki ikasi duten etorkinak, edo beren seme-alabak, behintzat, D ereduan matrikulatzen dituztenak eta abar.

Bukatzeko, jendea animatu nahi dut konpromiso eta koherentzia handiagoa izan dezan, eta denok pasa gaitezela «euskara bai»tik «euskaraz bai»ra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo