Joxe Iriarte, «Bikila»
Luis Mari Alkorta gogoratuz
Ni ateoa naiz, Luis Mari. Horrela ezagutu ninduzun duela hogeita hamabost urte eta horrela jarraitzen dut. Beraz, ez dut sinesten hil ondorengo bizitzan edo irudipenean. Nola ulertu, orduan, idatzi hau? Ziur aski, gizakiok kontraesankorrak garelako, eta nahiz eta jakin jadanik ez zaudela gure artean, naufragoak oholari nola, oroimenari eusten diogu indar guztiz. Izan liteke, agian, besteren artean, modu bat bizirik jarraitzen dugula jakiteko. Baina, batez ere, idazten dut barrenak lasaitzeko, amorru handia baitut azken bisita egin gabe joan zarelako. Izan ere, duela ia urtebete zurekin egon nintzenetik, beti itzultzeko asmotan eta beti zenbait aitzakia (lana edo alferkeria), asmoa ustel. Eta azkenean, Pirinioetako gailurrez gailur nabilela joan zara nik ezer jakin gabe. «Amorru» hitza erabili dut. Amorratzen nau Ondarroan egon ez izanak, Pilina zure emaztearekin eta Harkaitz zure semearekin. Zure betiko lagunekin, eta baita ETA VIan, LKIn eta Zutiken zurekin jardundako lagun askorekin. Eta amorratzen nau, batez ere, oraindik bizirik zinela zurekin egon ez izanak.
Baina, batez ere, idazten dut zeregin xume honek bide ematen didalako zurekin bizi izandakoak berriro gogoratzeko. Sasiaren garaiko egoera latzenetan zure (eta Pilinaren) etxea aterpe izan nuelako. Egun luze haietan Ondarroako hizkeraren inguruan eta herriko istorioak aitzakia izaten genituen solasaldiak izugarri atsegin nituelako. Zein herri bitxi eta joria den Ondarroa! Zer-nolako jarioa zurea! Nola gozatzen zenuen ondarroarrez mintzatzen (berba egiten) eta nola gozatzen nuen nik zuri entzunez! Hori dena oraindik bizirik dut gogoan, zuri esker.
Adiskide, zauden tokian zaudelarik (formula hau erabiltzen dut jakin arren jada ez zaudela inon, gure memorian izan ezik), nik irribarretsu, adarjotzaile, zirikatzaile jator, beti lagun, gogoratuko zaitut.
Adiorik ez.