GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ondarroako Gestorak Bizkaiko Aldundiaren esku utzi ditu zergen ordainketak

Ondarroako familia ugarik, herritarren borondatearen errespetua aldarrikatuz, zergak ordaintzeari muzin egin zion, baina horiek kobratzeaz Bizkaiko Foru Ogasuna arduratuko dela erabaki berri du Ondarroako Gestorak. 2,3 milioi eurokoa da ekimenak eragindako zorra.

GARA |

2003ko eta 2007ko udal hauteskundeetan ezker abertzalea legez kanpo utzi, eta apartheid egoeran eratu zuten Ondarroako Udala. Hauteskundeen azken hitzordu hartatik hona, gainera, herritarren babesa ez duen Gestora batek hartu du herria kudeatzeko ardura. Erabaki horien aurrean ezadostasuna adieraziz eta herritarren borondatearen errespetua aldarrikatuz, herriko 200 familia inguruk Udalari desobeditzea erabaki zuten.

«Eskubiderik ez, betebeharrik ez, desobedientzia!» lelopean orain bost urte abiarazi zuten ekimen hori dela-eta eragindako zorraren zenbatekoa «2,3 milioi euro» dela ondorioztatu du Ondarroako Gestorak.

Izan ere, udal tasa eta zergok ordaintzeari muzin egin zion makina bat herritarrek, eta, apirilean, Felix Aranbarri alkate jeltzale inposatuak, enpresa pribatu bat kontratatu zuen arren horiek kobratzeaz arduratzeko, orain, Bizkaiko Aldundiaren esku utzi du eginkizun hori. Joan den uztailaren 30ean egindako Osoko Bilkuran erabaki, eta Bizkaiko Foru Ogasunak hartu du zergak biltzeko erantzukizuna. Hala ere, erakunde horrek bilketari ekin aurretik, Ondarroako batzorde kudeatzaileak «borondatez ordaintzeko epealdia» zabalduko duela adierazi du.

Herrialdeko Foru Ogasunak zorrak likidatzeaz gainera, zorraren araberako interesak ere eskatuko dizkie Ondarroako herritarrei. Agentziek azaldutakoaren arabera, zor bakoitzeko %25 gehituko litzateke, «atzerapenaren interesengatik». Diru bilketa honek gainera, zergak ordaintzen ez duten ondarroatarren «diru-sarrera eta ondarean» ere eragina izan dezakeela ohartarazi du Bizkaiko Ogasunak.

Ondarroako Gestorak esandakoaren arabera, herriaren finantzazio iturri «ezinbestekoa» dira udal zergak, udalaren baliabideen %30 osatzen dutenez gero.

PP

Alderdi honek positibotzat jo du Ondarroako Gestora eta Bizkaiko Aldundiaren arteko akordioa, nahiz eta «berandu» datorrela iritzi dion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo