Espainiako Txapelketa
Urdaibaik eta Castrok arerio latzena kanporatu nahi dute
Astillerok lehen bi postuetan sailkatu behar du Kontxan parte hartu ahal izateko. San Pedrok eta Hondarribiak ohorezko txandan jardutea dute helburu.
Ander GARTZIA | BILBO
Urdaibaik iaz Espainiako txapelketan lortutako garaipena errepikatzea izango du helburu asteburu honetan eta, bide batez, Kontxara begira, aurkari nagusietako bat kanporatzea: Astillero. Izan ere, Castron egitekoa den zita hori neguko lehen entrenamendutik gorriz markatuta dute kantabriarrek, ezinbestean, aurreneko bi postuetako bat lortu behar baitute Kontxako sailkapen estropadan parte hartu ahal izateko.
Urte osoan KAE2 ligan jardun eta gero, «San Jose XIV.a» ontziak bere maila zein den erakutsi zuen Kantabriako Txapelketa irabaztean. Orduko hartan Jose Manuel de Franciscoren mutilek hamahiru segundoko errenta atera zioten Castrori eta, seguru asko, ohar ugari jaso zituzten Juan Mari Etabe eta Patxi Bilbao prestatzaileek beren koadernoetan. Iraileko Donostiako proba nagusia begiz jota dute bai bermeotarrek, bai kantabriarrek eta badakite helburua lortzeko lehen pausoak behar duela izan Astillero Kontxatik at uztea.
Euskal ordezkaritza
Hondarribiak eta San Pedrok, bestalde, bestelako asmoekin ekingo diote Txapelketari eta faborito nagusien zerrendatik kanpo ezustekoren bat bilatzen saiatuko dira. Hondarribiarrek San Miguel ligan erakutsitako hobekuntza berretsi nahiko dute eta, pasaitarrek bezalaxe, aukerarik izanez gero, ez diote muzin egingo dominengatik lehiatzeari.
Aurreneko proba gaur arratsaldean izango dute, 18.00etan (ETB1) hasiko diren kanporaketetan. Zozketa bidez osatutako bi txanda jokatuko dituzte, eta bakoitzeko irabazleak sailkatuko dira igandeko finalerako, eta gainerakoen artean bi hoberenak. Euskal ordezkariez gain, Astillero, Castro eta Pedreña arituko dira Kantabriatik; eta Cabo da Cruz eta Meira Galiziatik.
Aurtengo txapelketak, ordea, hutsune handia izango du, hamabost banderen jabe dela, garaipen gehien lortu dituen ontzia faltako baita: Orio. Hala ere, mende berria hasi denetik Astillero izan da jaun eta jabe, 2000, 2002, 2003, 2004, 2005 eta 2006an lortutako tituluekin.