GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskarak hizkuntz politika behar du, ez propaganda

Euskal Herrian, Euskal Herri osoan, hizkuntz eskubideen urraketak eguneroko kontua dira. Ez dirudi, ordea, horrek administrazioei kezka handiegirik eragiten dienik. «Gutxi asko da» leloak ondo definitzen du administrazioek, euskararen normalizazioari dagokionez egin duten lana, aldeak alde. Gutxi asko iruditzen baitzaie, edo hala aurkezten dute behinik behin. Euskarak azken urteotan izan duen aurrerakada ez da sinetsarazi nahi diguten adinakoa eta, gainera, aurrerakada horretan zerikusi handia izan dute dute herritik sortutako erakundeek, sarritan administrazioen oztopoak gorabehera. Baina ez da kontu kuantitatiboa soilik; izan ere, esandako hizkuntz eskubideak bermatzeak hizkuntz politiken abiapuntu behar luke izan, eta maiz, maizegi, lekutan garatu ohi da eskubide horren bermea. Badira 25 urte euskara normalizatzeko hizkuntz politikak indarrean jartzen hasi zirela, eta nabarmena da gaur egun hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dutela. Errealitate hori salatzea, ordea, jasanezina zaie administrazioei. Areago, defentsarik onena erasoa delakoan, hizkuntz politikaren arduradunek beraiek egin beharko luketen bultzatzaile eta behatzaile lana egiten dutenei eraso egiten diete; baita hizkuntz politikaren gabezien eta porroten errua leporatu ere. Euskarak benetako normalizazio politika behar du, ez egiten ez denaren propaganda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo