GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Donostiako Aste Nagusia

Artisau pieza ederrez apaindutako erakusmahai dotoreak Zuloaga Plazan

Lehen askoren ohiko ofizio zena, azoketako ikuskizun bihurtu da orain. Beren eskuekin lan egiten dute, artisauak dira. Gezurra badirudi ere, gero eta gehiago omen dira ogibidez eskulangintzan dihardutenak; eskulangintza modernoa egiten dute. Donostiako Zuloaga Enparantza da egunotan horren lekuko.

p014_f02.jpg

Janire ARRONDO

19 artisau daude Zuloagan, bakoitzak bere etxolan lanak modu apainean erakusgai dituela. Gehienek gainera, eskulanak egiten dihardute inguratzen den jendeak beren lan egiteko modua ezagutu dezan. Gipuzkoako Gabiltza Eskulangileen Elkarteak antolatu du ekimena, eta Aste Nagusiak irauten duen bitartean, bertan egongo dira.

Donostiar, zein kanpotar ugari gerturatu zen atzo goiz partean eskulangintza azokara. Alde Zaharrean zebiltzanentzat, edo Paseo Berri ingurura zihoazenentzat bidean geratzen zenez, askok aprobetxatzen zuten eskulangileen artelanak ikusteko.

Zuloagako azokan, hainbat materialekin, era ezberdinean egindako lan ugari aurki daitezke. Etxeetan apaingarri gisa jartzeko irudiak dira gehienak, baina, egunerokoan zenbait gauza egiteko balekoak diren tresna praktikoak ere badaude. Norbere burua apaintzeko ere, bitxiak, jantziak zein larruzko osagarriak aurki ditzakegu.

Koloretsu ageri da Ane Gabarainen Dir Dai etxola. Gerturatzen direnen arreta pizten duten forma, marrazki eta kolore askotako beirazko piezak egiten ditu pasaiarrak. Eskuinalderago berriz, Alejandra Tostone donostiarraren txokoa dago, berak metalarekin lan egiten du. Zuhaitzetako hosto forman apaintzen ditu metalezko piezak, harribitxiak bailiran.

Beste hirutan, zilarrezko pieza bereziak daude. Diseinu fresko eta garaikidea duten lanak dituzte Hernaniko Ziku tailerre-koek, Errenteriako Kulumak eta Donostiako Juanjo Ucarrek. Ugari dira eskulangintza azoka honetan egurrarekin egindako lanak ere. Pinfa izeneko tailerrean olibondoaren egurrarekin egiten dute lan. Bere erakusmahaian kaikuak, pitxarrak, edalontziak, zein, hautsontzi, or- dulari eta lanparak ageri dira, dotore atonduta. Los Juegos tailerrean ere, egurrarekin egindako lanak ikus daitezke. Hona- koan erakusgai dauden egurrezko jostailu koloretsuek, ingurura etortzen diren umeen zein helduen arreta pizten dute.

Larruzko lanak egiten dituzte beste hainbat artisauek. Tartean Eskuz tailerra. Beren erakusmahaietan larruzko diru-zorroak, poltsak, gerrikoak, lepokoak betaurrekoen zorroak, giltzatakoak... daude ikusgai.

Azokak irauten duen artean, egunero, eguerdiko 12.00etatik 14.00etara artisauek erakustaldi bereziak egingo dituzte, horrela, jendeak eskulangileek nola lan egiten duten ezagutzeko aukera du. Arratsaldean berriz, haur zein helduei zuzendutako parte hartzeko tailerrak antolatu dituzte.

Atzo eguerdian, Juango Ucar donostiarraren txanda izan zen. Bitxiak nola egiten erakusten aritu zen, eta jende ugari bildu zen bere inguruan jakin-mina piztuta.

Ucar Gabiltza Eskulangileen Elkarteko kidea da, eta han, artisautzaren garapena ziurtatzeko egiten dute lan. Hainbat proiektu garrantzitsu atera ditu aurrera elkarte horrek, horien artean Ordizian urtero egiten den Artisaualdia. Bertan, hiru egunez artisauak biltzeaz gain, hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailer erakusketak egiten dituzte. Elkarte honek baita ere, artisauen produktuen marka liburua sortu zuen, errepika ez daitezen.

Bitxigilearen esanetan, elkartearen asmoa batez ere «artisautza ezagutzera ematea eta jendearengana gerturatzea da». Aste Nagusian kanpotar jende ugari ibiltzen denez, «horiengana ere, artisautza eramateko aukera polita da Donostiakoa».

Beste urteetatik hona, aurtengo azoka, hiru egunekoa izatetik, zortzi egunekoa izatera pasa da. Gainera, betiko oihalpeak alde batera utzita, aurtengoan banakako etxoletan daude artisauak, «berrikuntza guzti horiek elkartetik bultzatutakoak dira, eta gure onerako izango direla uste dugu» adierazi zuen Juanjo Ucarrek.

Gaur egun, eskulangintza produktuek ezin dute egungo merkatuko produktu industrialekin lehiatu, «hori ez da gure asmoa, inondik ere» dio bitxigileak. Hala ere, Euskal Herrian artisautzari «ematen zaio behar besteko garrantzia» dio elkarteko kideak. Artisautzaren sektorea orokorrean, «egoera onean dago Euskal Herrian, eta «izaten dituen gora beherak gainontzeko sektoreek izaten dituztenak bezalakoak dira».

Artisautza oreka egoeran

Gabiltza Eskulangintza Elkartetik ikusten dutenaren arabera, Gipuzkoan, «egoera orekatuan dago artisautza». Ucarren ustetan, sektore horrek duen benetako arriskua «ofizioa bera galtzea baino, artisautza lanak egingo dituena bera galtzea da». Esaterako, lehen uztarriak egitea ofizio zuenak, gaur egun ez ditu ia egiten; baina, oraindik badaude egurra lantzen duten artisauak.

Era berean, abarkak egitea ere, beste askoren ogibidea izan zen, gaur ordea, larrua lantzen dutenek bestelako objektuak egiten dituzte. «Gizartea bera, aldatzen ari den bezala, artisautza ere aldatzen ari da», esan dio Ucarrek GARAri.

Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da, edozein elkartetan artisautzarekin zerikusia duten tailerrak edo ikastaroak aurkitzea, hori da, gainera, artisau askoren ogibidea gaur egun. Gabiltza Eskulangintza Elkartekoen ustetan, «garrantzitsua eta beharrezkoa da, artisautzak biziraungo badu, kultur elkarteetan egiten den lana».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo