GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Ana Telletxea Ikertzailea

Haizagailuak eta beste

Berdin da Iruñea zaharrean ala Salamancan egon, gauza bera deskribatuko dute, modu berean, pareko bi hiri bailiran

Udan bisita gidatuak bazter guztietan ikusten dira Iruñeko alde zaharrean. Han eta hemen ohiko zerbitzua da. Izan ere, tokiko baten eskutik ez baldin bagoaz, askotan itsumustuan jotzen dugu (gizarteak, oro har) turismo-gidari baten artzain-lanak kontratatzera.

Egun hauetan hamaika aldiz egin dut turismo talde baten edo besteren ibilbidea eta, nahi ala ez, beste aukerarik ez baita, gidariaren azalpenak xurgatu ditut pasaeran. Nahiko ongi ezagutzen dudan hiriaz deus ez dakidanaren sentsazioa izan dut. Are gehiago, ezagutzen dudana inportanteena ez dela iruditu zait. Nola ez dut nik ikasi, adibidez, sanferminetan txupinazoa baino lehen zapi gorria jartzeak (ustezko zorte txarra emateaz gain) kaleko norbaiten jipoia ekar diezadakeela?

Maiz irrika izan dut «artalde» horietako baten azalpen osoa aditzeko, baina ez dut egin. Hiria sentitzeko, bizitzeko eta ulertzeko modu aunitz dago, eta gidari hauek transmititzen dutena azaleko suziriak dira (ezkutatzen dutena kontuan hartu gabe, noski).

Berdin da Iruñea zaharrean ala Salamancan egon, gauza bera deskribatuko dute, modu berean, pareko bi hiri bailiran. Iruñea lau elementurekin saltzen dute egunero. Eta nola ez, bisitak motza behar du, badakigu-eta merkatua nola dagoen!

Delako itzuli horien ondotik, eta premiazko beste zereginen artean, kanpotar gehienek zezen bat erosi behar dute nahi eta nahi ez, hori baita tipikoena hiri honetan. Atx! Nondik hasi? Zezenak, propio, urtean zortzi egunez izaten dira gurean. Nola esplikatu atzerritar bati Iruñea zer den bi minutuan? Zerk egiten duen berezi, zer den tipikoa eta zer ez, zer saldu dioten, zer ezagut dezakeen...

Une horretan ezintasunak hartzen zaitu eta barrenak eskatzen dizun lana egin gabe gelditzen zara. Eurek astirik ez azalpen bat aditzeko (aunitzetan gogorik ere ez, ederki aski baitakite zer den Iruñea, euren ustez) eta zuk errealitatea argitzeko lan handiegia esku artean... Hondarrean, zu hor eta ni hemen.

Sakoneko hutsera, edo maltzurkeriara, ailegatzen zara hausnarketa labur baten ondotik; batetik, ez dagokigun herri batean lekutuak aurkezten gaituzte, gu eta gure arbasoak (denak erromatarrak eta bisigodoak omen, Nabarreria auzoan egiten ari diren indusketen harira). Bestetik, hiriaz kontatzen direnak zein ezberdin diren bataren ala bestearen ahotik; eta ez dezagun pentsa aukera zorizkoa denik, ongi aski erabakia da aldez aurretik zer den kontatu behar dena eta zer ez, izan bisita ofiziala, izan enpresa pribatuarena.

Badira inolako zaintzarik gabe ikus daitezkeen toki eta eraikinak, baina denetan ez da aukera hori. Orain dela urte mordoxka bat, Leireko monasterioan izan ginen bisitan. Elizaren barruan, eraikinaren nerbioak josten dituen goiko muturrean, lauburu bat ikusi genuen, eta hala, egun hartako gidariaren «iritzia» ezagutu nahirik, hura zer zen galdetu genion. «Eso es un ventilador», bota zuen inongo lotsarik gabe. Horra hor aurkikuntza! Monasterioa altxatu zuten garaietan, nonbait, tramankulua ezagutzen zuten jadanik eta, hala ere, historia-liburuek ez dute bildu. Hau samina!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo