Erralde-k markak erregistratzeko eskubidea duela onartu du Madrilek
Marka komertzialak erregistratzeko eskubidea aitortu dio administrazio espainolak Durangoko Erralde hiltegiari. Horrela, bertan behera geratu da Lakuako Gobernuak Berrizko Txuletoia eta Bizkaiko Bildotsa markak inpugnatzeko saiakera.
GARA |
Lakuak Berrizko Txuletoia eta Bizkaiko Bildotsa markak Madrilen inpugnatzeko egindako saiakeraren aurrean, Madrilgo administrazioak Durangoko Erralde hiltegiari markok erregistratzeko eskubidea aitortu dio.
Hala adierazi du Erralde-k igorri duen ohar baten bidez. Bertan, Lakuako gobernuaren jarrera gogor salatu du, Estatu espainolean erregistraturik dauden 88.000 marketatik, Bizkaiko Bildotsa eta Berrizko Txuletoia izan baitira EAEko administrazioaren aldetik inpugnaziorik izan duten bakarrak. Aurka egite hori «ezohiko» gertaera dela azaldu dute durangarrek, administrazio batek ez duelako sarritan bere erkidegoko enpresa baten aurka egiten.
Hilabete hauetan zehar, EAEko administrazioak markak erregistratzen jarraitu duela azaldu du Erralde-k. Horrela, beste marka batzuk erregistratu dira eta horien izapideak aurrera egiten ari dira, inork beraien aurka ezer egin ez duelarik.
Erralde-ren ustez, gertaera hau errealitate «are negargarriago» da, Durango hiltegia Estatu espainoleko hainbat puntutan erreferente bihurtu dela kontuan hartuta, hain zuzen ere, aldarrikatzen duen filosofiagatik. Elikadura subiranotasunaren defentsa eta prezioen babesa dira erreferentzialtasun hori ematen dioten oinarriak. Horrela, Estatuan artzain eta abeltzainei kanal kilo bakoitzeko gehien ordaintzen dien lekua da Erralde.
Azkenik, adierazi dute Erralde-k beti «ulertu eta defendatuko» dituela Bermeoko Kofradiak Bermeoko hegaluzearekin abian jarri duenaren moduko ekimenak. Hala ere, EAEko administrazioari bere irizpideen aplikazioan «seriotasun gehiago» izan dezala eskatu diote. Izan ere, Bermeoko hegaluzea laguntzea, baina Berrizko Txuletoia inpugnatzeak ez du askorik esaten administrazio batek erakutsi beharko lukeen «seriotasun eta eredugarritasunaren inguruan».
Albaitari-ziurtagiria
Beste alde batetik, EHNE sindikatuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko erabakia salatu du, albaitari-ziurtagiria berriro ere indarrean sartu duelako. Horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du PRE/2893/2007 agindua, ziurtagiria indargabetzen zuena.
EHNEk «oso negatiboki» baloratu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia, ziurtagiriak ez dakarrelako «osasun berme handiagoa» eta gainera, gastu handia eragiten dielako abeltzainei.
Honen aurrean, EHNEk exijitu du bertan behera utz dezatela «abeltzainentzako zama gehigarri bat» baino ez dena.
Erralde-k igorritako oharraren arabera, Estatu espainolean dauden 88.000 marketatik, Bizkaiko Bildotsa eta Berrizko Txuletoia izan dira EAEko gobernuaren oztopoak izan dituzten bakarrak.