GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Elosegiren lorpena eta euskal kirolarien egoera

Ander Elosegi irundarrak meritu handiko emaitza lortu du Beijingen,piraguismoko C-1 probako finalean laugarren geratu baitzen. Azken unera arte hor ibili zen, brontzeagatik lehian, baina azkenean domina-zerrendatik erori zen. Pena handia da domina lortu ez izana, jakina, baina bere esfortzua eta lortutakoa goraipatzeko unea da.

Hartara, hau zorionerako unea da. Baina, egunotako hitz onak korronteak zer azkar eramango dituen aurreikusirik, kirolarientzat eskaerak egiteko aukera ona ere badela argi dago. Gaur GARAk argitaratzen duen elkarrizketan Maialen Chorrautek argi esaten du piraguismoaren egoera oso zaila dela eta kirol horretan -gehienetan bezala- aurrera egin ahal izateko euskal kirolariek kanpora jo behar dutela, hemen ez baitago kirol hori egiteko instalaziorik.

Baina politikariak entzungor diraute. Adibidez, Miren Azkaratek zuzentzen duen BAT Basque Team-ek 21.000 euro eman die Jokoetan parte hartzen ari diren arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrei. Merezitako ordaina, zalantzarik gabe. Kirolariek, ordea, inbertsioak eskatzen dituzte, ez aste-saria. Harrigarria bada ere, auzi honetan kirolariek politikariek baino ardura gehiago erakusten dute. Izan ere, kirolari-bizitza ez da politikariena baino luzeagoa, baina kirolariak datozen belaunaldiak dituzte buruan, eta ez datozen hauteskundeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo