GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Hildakoek izenik ote duten

Irabazlea zein den ikusi beharko. Hor dago koska: gatazka nork irabazi duen eta, hortaz, nork idatziko duen gertatutakoa. Horrek erabakiko du nor den biktima eta nor den baja.

Bi kazetari hilik (Alexandr Klimchuk eta Grigol Chejladze) eta beste bi (Teymuraz Kikuradze eta Winston Federly) zauriturik suertatu dira Hegoaldeko Osetian azken egunetan. Aurretik ere beste bost kazetari hil zituzten (Piotr Gaslev, Alexandr Kots, Alexandr Sladkov, Leonid Lusev eta Õgor Uklein). Horretaz gain, hiru soldadu errusiar hil dira eta 18 zauritu.

Kazetariak eta soldaduak zenbatu egiten dira, hil edo zauritu egiten dituztenean. Zailagoa izango da zenbatzea zenbat izan diren hildako zibilak, eta are gaitzagoa ezagutzea herritarren izen-deiturak, kalean bertan edo etxean zeudela harrapatu dituzten horiek guztiak. Batzuen esanetan, 1.400 hildako izan dira, beste batzuen ustez, ordea, 1.500, eta 2.000 izan daitezkeela esan duenik ere bada; zenbaki borobilak beti ere, inork ez baitigu esango, kontaketa burutu ostean, 1.948 pertsona hil dituztela, edo 2.024 edo, agian, 2.431 pertsona hil dituztela bonbaz edo tiroz. Zenbaki zehatzik ez da ematen kopuruak ez duelako pertsonarik islatzen, kontalariaren begietara. Pertsonak baino, bajak dira, alboko kalteak.

Honela, bada, 2.000 inguru hildako suertatu dira Hegoaldeko Osetian egun hauetan. Eta horiek guztiak Asteburuko Gerra batean, telebistak esan bezala. Zeren errazagoa baita gatazkei izena jartzea (Sei Eguneko gerra, Golamgo gerra, gerra guztien gerra...), jakitea baino «alboko kalteek» izenik ote duten.

Beti ez da horrela izaten baina. Batzuk bajak baitira, eta beste batzuk biktimak. Biktimek ez dute galtzen izena. Dorre Bikietan eraildakoen izenak banan-banan ahoskatzen dituzte urtero New York Zero Gunean; 2.973 izen horiek, gainera, grabaturik daude brontzezko dorre batean, eta dorrearen inguruan museoa egin dute. Alice M. Greenwald-ek, World Trade Center Memorial Museoko zuzendariak, esan duenez, museoak islatzen du zein eraginkorra izan daitekeen memoriaren indarra. Memoriarik gabe ez baitago historiarik. Hegoaldeko Osetian eraildakoak ez dira historian sartuko noizbait norbaitek euren izenak jaso eta harrian grabatu arte. Noizbait, nonbait, norbaitek zenbatu beharko ditu banan-banan, hildako guztien izen-deiturak bildu eta behin betiko jaso jendaurrean, Sartagudan azkenik egin zen bezala.

Sartagudan, erailak izan eta 72 urte geroago, insurrekzio frankistaren 3.431 biktimen izenak (zenbaki borobilik ez) grabaturik utzi dira Memoriaren Parkean, eta lekua utzi da falta direnen izenak grabatuak izan daitezen, ezagutu ahala.

Hegoaldeko Osetian egunotan hiltzen ari diren horien izenak agian inoiz ez dira ezagutuko, edo hogei urte itxaron behar izango dugu jakin arte nortzuk diren. Kasurik onenean, bihar-etzi omenduko dituzte ofizialki, «Morts pour la Patrie» moduko monolito baten bidez. Eta herriaren historian sartuko dira.

Irabazlea zein den ikusi beharko. Hor dago koska: gatazka nork irabazi duen eta, hortaz, nork idatziko duen gertatutakoa. Horrek erabakiko du nor den biktima eta nor den baja.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo