GARA > Idatzia > > Kultura

Antzerkiaren bidez umoreaz gozatzeko parada, gaurtik aurrera Araiako jaialdian

p028_f02_.jpg

Odeia AIESTARAN | GASTEIZ

Nazioarteko eta bertako hainbat antzerki taldek hamabost bat ikuskizun erakutsiko dituzte gaurtik aurrera Arabako hainbat herritan, guztiak ere Araiako Umorezko XV. Antzerki Jaialdiaren barruan.

Antzerkia izango da jaialdiko protagonistetako bat. Horrela, La Trova musika eta testuaren nahasketa egiten duen taldea, Trukitrek Europa zeharkatzen ari dena eta Trapu Zaharra kalean aritzen dena, besteak beste, ikusteko parada izango da lau egunetan.

Javier Alkorta jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, mota guztietako espektakuluek izango dute Araian tokia eta horren erakusle da Italiatik etorritako Teatro Necessario taldea, adibidez. Alkortaren hitzetan hiru clownek osatzen duten ikuskizuna «sinplea» den arren, maila handikoa dela erakutsiko du.

Mimikak ere izango du tokirik «Europan erreferentzia» bihurtu den Joseph Collard «handiaren» eskutik. Japoniatik, berriz, Senmaru eta Sushen taldeek beren herriko malabarismoen ohitura erakutsiko dute Araian eta zirkuaren erakusle izango dira Circo de la Sombra eta Mumusic Circus taldeak.

Umorearen topaleku bihurtuko den lehen agertokia Araiako Arrazpi kiroldegia izango da, La Trova taldearen «El reverso del verso» antzezlanarekin. Jaialdiari amaiera emateko, berriz, igandean, Millan Salcedo, «Martes y 13» telebista saioko partaidea izango da kiroldegian bertan «Yo me subia a un piano verde» bakarrizketa saioa eskaintzen. Paco Mir eta Joan Gracia, Tricicle-ko partaideek zuzendutako lan hori, Alkortaren hitzetan, «ikusteko modukoa» da, kontuan hartuta, gainera, bakarrizketa «arte zaila» dela. Orain arte jaialdiak Araban izan duen harrera oso ona izan dela gaineratu du Alkortak eta horregatik ikuskizun asko bikoiztu egin behar izan dituztela azaldu du, «jendeak ondo ikusi ezean, ez duelako gozatzen». Bestalde, herrian ez ezik, hogeita hamar bat lan baino gehiago eszenaratuko dituzte Arabako beste hainbat txokotan: Amurrion, Artziniegan, Dulantzin, Eltziegon, Santikurutze Kanpezun, Bastidan, Guardian, Laudion, Maeztun, Murgian, Langraiz Okan, Rivabellosan eta Gaubean, besteak beste.

Kalitatea, oinarrizkoa

Javier Alkorta, jaialdiko zuzendariak azpimarratu duenez, Araiakoak, beste jaialdi batzuekin alderatuta, duen bereizgarria tokia bera da, honakoak mila eta berrehun biztanleko herrixka bat baitu jokaleku. Helburu nagusia «programazio komertzialetik» ihes egitea eta herritarrei kalitatea eskaintzea da eta aurtengoan ikusgai dauden emanaldiek hori erakusten dutela ere aipatu du Alkortak.

Jaialdian parte hartzen duten talde guztiak «ezberdinak baina kalitate handikoak» dira. Batzuk ospetsuak izan arren -Millan Salcedo, kasu-, Alkortak adierazi duenez, hori ez da Araian egoteko arrazoi nahikoa; mediatikoki ezagunak izanagatik «erdipurdiko» diren hainbat ikuskizunik badagoelako, eta horrelakoak «ez dira sekulan Araian egon eta ez dira sekulan egongo», gaineratu du antolatzaileak.

Fitxa

Tokia: Araia (Araba): Herriko plazan eta Arrazpi kiroldegian, eta Arabako beste hamalau herritan. Data: Gaurtik igandera arte. Lau ikuskizunetarako abonoa: Haurrak: 15 euro. Helduak: 32 euro. Banakako sarrerak: Haurrak: 5 euro. Helduak 10 euro. Ikuskizun askok sarrera doan.

Ficha

Ciclo de Música Antigua: Andreas Staier (clavecín).

Programa: Obras de Bach y Scarlatti.

Lugar: Convento de Santa Teresa (Donostia).

Fecha: 12 de agosto.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo