GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

PIRAGUISMO | Ur biziak

Chourraut, kanporatuta egun txar bat izan ostean

Sailkapena lortzetik puntu batera geratu zen kanporaketetan hamaseigarren postua lortu ondoren

pj06_f01_555x555.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Kanporaketetako bi txanden ostean, hamaseigarren postuan sailkatu zen atzo Maialen Chourraut piraguista eta, ondorioz, ur bizietako K1 modalitateko finalerdietatik kanpo geratu zen. Lasartearrak ez zuen bere eguna izan Shunyiko Piraguismo eta Arraunketa Parkean eta ezin izan zuen finalerako lehian izango diren hamabost piraguisten artean sartu.

Chorrautek 253.39 segundoko marka lortu zuen atzoko bi txandetako denborak batuta -pilatutako 50 segundo akats baten ondorio zuzena izan ziren-. Lehenengo txandan erdibidean zela, 10 zentimetro desbideratu zen gipuzkoarra eta ezin izan zuen derrigorrez pasa beharreko ate baten azpitik igaro. Ondorioz, 50 segundoko zigor gogorra jaso zuen.

Horiek horrela, Maialenen kanporaketarekin eta Ander Elosegiren laugarren postuarekin amaitu da euskal kirolariek ur bizietan egin beharreko lana. Anderrek lortutako diploma, Jokoetako historian euskaldunek slalomean inoiz izandako emaitza onena dela kontuan izanik, balorazio orokorra positiboa da.

Lasartearraren atsekabea

Maialen Chourraut triste zen atzo egindako lanarekin. «Kirola kirola da. Batzutan gauza politak eginez asko gozatzen da eta gaur -atzo- kontrakoa gertatu da», aitortu zion Euskadi Irratiari. Nabaria zen piraguista mindurik zela: «Orain nire dolua pasa behar dut. Ez badut orain pasatzen, beste momenturen batean pasa beharko dut. Ondorioz, nahiago dut orain pasa».

Egindako lana aztertu zuen Maialenek: «Akats bat egin dut lehen txandan. Ur mugimendu batek alde batetik jo eta eskuinerantz 10 zentimetro eraman nau; garesti ordaindu dut. Gainontzekoek ez dute 50 segundoko zigorra jasotzeko moduko hutsik egin, ni dena ematera joan naiz, nahiko akats handia izan eta denbora galdu dut gune batean... Ez da nire eguna izan».

Egindako lanagatik «amorru handia» sentitzen zuela eta bere helburuetariko bat bera ere ez duela bete nabarmendu zuen gipuzkoarrak: «Nire buruarekin gustura gelditzera etorri nintzen, ez naiz gustura gelditu eta min gehien horrek ematen dit».

Hala ere, Beijingera iritsi aurretik eginiko lana «ikaragarri ona eta gozada bat» izan zela eta teknikoekin eta taldekideekin «oso gustura» ibili dela gogoratu nahi izan zuen Chorrautek. Hala, eginiko lanari esker «ikaragarri» hobetu duela aitortu zuen, «batez ere nabigazio seguru bat egiterako orduan».

Tamalez, nabigazioarekin lotutako «akats txiki bat ikaragarri bihurtu» eta horrek kanporatu zuen atzo. «Pena da lau urte itxaroten egon ondoren proba ondo ez ateratzea», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo