Gobernuz kanpoko erakunde bateko hiru boluntario hil dituzte talibanek
Kabul hiriburutik gertu egindako erasoa talibanek beren gain hartu zuten atzo. Gobernuz kanpoko erakunde (GKE) baten aurkako eraso horren ondorioz hiru emakume eta beren gidaria hil ziren, eta jada 19 dira aurten Afganistanen bizia galdu duten GKEetako lankideak.
GARA|
International Rescue Committe (IRC) erakundeko hiru langile eta beren gidaria hil egin ziren atzo talibanek haien autoei eraso egin ostean. Hildakoek Kanadako, AEBetako eta Irlandako naziotasuna zutela jakinarazi zuen Gobernuz kanpoko erakunde horrek, eta Afganistanen aurrera eramaten ari ziren programak oraingoz bertan behera uztea erabaki dutela.
IRCko kide horiek autoz Kabulera bidean zihoazenean gertatu zen erasoa, Logar izeneko eskualdean. «Gizon armatu batzuek errepidea itxi, eta bi autoen aurka tiro egin zuten», adierazi zuen bertako Poliziak. Gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuen bezala, autoetan «argi eta garbi ikusteko moduan zegon IRCko logotipoa». Talibanek beren gain hartu zuten atentatua, eta autoetan militarrak zihoazela esan zuten, «gehienak emakumeak». Autoetan munizioak zeudela aipatu zuten talibanek, biktimak militarrak zirela frogatzeko.
Afganistanen 20 urte daramatza lanean IRC erakundeak, «errefuxiatuei laguntzen». Uztailaren 18an elkarte horretako beste lankide batek bizia galdu zuen talibanen eraso batean, eta jada GKEetako 19 lagun hil dituzte urte hasieratik. Horren eraginez, talde estatubatuar horrek bertan egiten ari zen programak oraingoz eteteko erabakia hartu zuen atzo, eta nabarmendu zuen eraso horren biktimek «Afganistango herritarrei, batez ere umeei, laguntzeko» ari zirela lanean.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Afganistanen duen ordezkariak, Kai Eidek, bertako agintariei errudunak atxilotzeko eskatu zien, komunikatu baten bidez. «Gatazkaren bi aldeek herritarrei laguntza ematen dieten erakundeen neutraltasuna eta independentzia aitortu eta errespetatu behar dute», gaineratu zuen.
NATO ere tiroka
Autoz bidaiatzen ari zen herritar bat hil zuten atzo NATOko soldaduek Afganistanen, «gelditzeko aginduari kasurik egin ez ziolako». Gidariak afganiar herritartasuna zuen, eta ospitalera heldu baino lehen hil zen.
«Autoa soldaduengana hurbildu zen eta tropekiko utzi behar den distantzia gainditu zuen. Soldaduek eskuekin eta besoekin seinaleak egin zizkioten baina autoa ez zen gelditu», azaldu zuen nazioarteko erakundeak. Gauzak horrela, betiere bertsio ofizialaren arabera, «autoa soldaduetatik hamar metrora heldu zenean, bere aurka tiro egin zuten, atentatu bat izan zitekeelako».
Urte hasieratik gutxienez 200 herritar hil dituzte nazioarteko tropek Afganistanen.