GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

KPI behera, ekonomia ahulenak beherago

Uztailean aspaldiko partez prezioek behera egin izana albiste ona da. Edo behar luke izan. Lehen begiratuan pozteko motiboa da, produktuen garestitzea gordinen jasaten dutenentzat batez ere. Hala ere, halako berri pozgarriek iruzurra gordetzen dute maiz, eta kasu honetan halaxe dela ematen du. Prezioen beherakada honek Kontsumorako Prezioen Indizea kalkulatzeko moduarekin zerikusi handia du, izan ere, merkealdiaren eragina jasotzen baitu; oinarrizko elikagaiek, ordea, baita erregaiek, eta are etxebizitzek ere, goranzko joera etengabeari eutsi diote. Bestetik, urte arteko inflazioa orain dela urte askotik lortzen ez zuen markara iritsi da, azkenaldiko joerari eutsita: KPIk %5 baino gehiago egin du gora Hego Euskal Herrian.

Ez dirudi gobernuek krisiari aurre egiteko iragartzen dituzten neurriak familia arruntek nabarituko dituztenik; izan ere, esnea, esate baterako, joan den urtean baino %22 garestiago ordaindu behar dute; garraio publikoa %10,6; eta udazken-neguak iritsitakoan, argiaren eta berokuntzaren %13ko gehikuntzaren zama astuna izango dute. Familia askok, gainera, produktuen garestitzeari ez ezik, hipoteken garestitze etengabeari ere aurre egin behar dio, arduradun ekonomikoek behin eta berriz interes tasak eta hipotekak KPIri eusteko goratzen dituztela azaldu arren. Horientzat ez dago laguntzarik, ordea. Gobernu espainolaren batzorde ekonomikoak enpresentzako laguntzak iragarri ditu, hala nola Ondarearen gaineko Zerga kentzea; bestela esanda, gehien dutenei zergak arintzea. Bitartean, merkataritza ganberek soldatak dauden horretan uztea aholkatzen dute, erosteko ahalmen txikiena dutenak, hartara, babesgabeen utzirik.

Estutasun egoera honen kausak KPIren hileko zein urteko goraldietatik harago daude, unean uneko gorabeheretatik harago, indarrean dagoen antolaketa ekonomikoak berezkoa duen arazoa baita. Sistema hori bera da arazoa, krisi egoeran zein krisirik gabekoan, bakan batzuen espekulazioa, lapurreta lehenesten baitu milaka familiaren oinarrizko eskubideak ukatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo