Arinkeriaren munduan ematen diren egun zoragarriak
Blanca IZKUE Musikagintzako langilea
Kosta egin zait oporretan ordenagailuaren aurrean idazten jartzea. Egia esan, sofatik altxatze hutsa kosta egiten zait egunotan, beroak erabat moteldua nauka eta. Arinkeriaren munduan bizi naiz azken aste hauetan. Gora oporrak, biba eginbeharrak alde batera utzi eta gorputza omentzeko ditugun egun hauek. Arima eta gorputza ez ezik, burua ere etxetik ehunka kilometrotara daukat, eta gauzak ezberdin antzematen dira hemendik. Gure eguneroko arazoak urrun ikusten dira, gure bizimodua den euskal musika koitaduak pairatzen duen egoera larria urrutiko arazoa da hemen, hegoaldeko itsasertzean.
Arinkeriaren erreinuan gaude. Hemen ez da udako musika jaialdi alimalekorik. Hemen, aukeran, Julio Iglesias aita eta Julio Iglesias Junior-en emanaldiak ikusteko beta dago. Hau beste mundu bat da. Hemengo aisialdi-gidetan dj eta chil-out giroko aretoak dira nagusi. Botilatzarra egiten duten koadrilek Kiss FM paratzen dute girotzeko, alfer halakoak. Altuen aditzen diren melodiak leihatila jaitsita daramatzaten nolaezko hondartza-afrusek beren autoetan jartzen dituztenak dira. Gauerdia pasata, haurrak binaka doaz bizikletan sevillanak abesten, alai. Iragarrita ikusi dugun kontzerturik indartsuena, Amaral-ena. Hori bai, musutruk. Auzokideen transistore eta irratiek olinpiaden berri hedatzen dute lau haizetara musikaren ordez, ondokoek nahi ala ez. Burua lasaitzeko xedearekin etorri garenoi erraz egiten zaigu giro lasai eta arin honetaz kutsatzea. Eta itsasoko haize leunak eta beroak eragiten digun neke gozagarrian murgilduta, geuk ere eskertzen dugu musika arina. Diskorik ez kotxean: gu ere irrati formulekin konformatzen gara egunotan. Nagituta gaude, beroak zozotuta.
Horrela lortzen dugu, nahi baino azkarrago igarotzen diren egun gutxi hauetan ez bada ere, gure iparraldeko arazoez ahaztea. Laster, nahi baino lehen, eginbeharrak esnatuko gaitu. Laster eguneroko eginbeharrei martxa hartuko diegu... Eta hausnarketatxo bat eginez, neure buruari galdetzen diot gure zonaldea bisitatzen dutenek ze inpresio jasoko ote duten, musika gidak eta egunkarietako agendak irakurriko ote dituzten, eta hala bada, harrituko ote diren normalki izaten diren kontzertu kopuruarekin. Edo ez, akaso gehiago estimatuko baitute tokitxo bat hondartzan guardasola paratzeko. Gu bezalaxe, hemen, hegoaldean.