GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Stillerren gerra-filmeen inguruko satira, Zinemaldian

«Tropic Thunder», Ben Stillerrek zuzendutako azken komedia, Donostiako 56. Zinemaldian izango da ikusgai, nahiz eta ez den lehiatzen izango. Pelikulak, gerra-filmen aitzakia hartuta, Hollywood, hango izarrak eta ekoizpen sistema kritikatzen ditu.

p048_f01_.jpg

GARA | DONOSTIA

Ben Stiller eta Robert Downey Jr. aktoreek «Tropic Thunder» («Tropic Thunder, una guerra muy perra» gaztelerazko bertsioan) lana aurkeztuko dute Donostiako 56. Zinemaldiko Sail Ofizialean nahiz eta filmak ez duen lehiaketan parte hartuko. Irailaren 18tik 27ra iraungo duen zinema jaialdian, hortaz, Ben Stillerek zuzendutako pelikula ikusi ahal izango da. AEBetan pasa den abuztuaren 13an estreinatu zuten filma, eta Estatu espainolean irailaren 26tik aurrera izango dute ikusgai.

Zinemaldikoek argitu dutenez «Tropic Thunder» komedia bat da eta Stiller bera, Jack Black eta Robert Downey Jr. dira aktore zerrenda osatzen duten izen nagusiak.

Egozentriko hutsak diren aktore multzo baten abenturaren berri ematen du filmak; izan ere, aktore talde horrek inoizko gerra-filmik garestiena egin nahi du. Kostuak areagotu egiten dira, ordea; eta, hala ere, erabat zapuztuta dagoen zuzendariak ez duenez filma bertan behera utzi nahi lan-talde osoa Asiako hego-ekialdeko oihan batera eramaten du, eta han daudela gaizto samarrak diren tipo batzuekin egiten dute topo.

Zinemaldiak Stillerrek -«Algo pasa con Mary» edo «Zoolander» filmetako aktore izan da- aktore ibilbidea osatzen jarraituko duela esan du, nahiz eta zeregin hori gidoilari eta zuzendari lanekin uztartuko duen. Gainera, zinemaldiko antolatzaileen hitzetan, «azken urteetan gurtu beharreko izenen artean» Stiller agertzea ekarri du horrek. New Yorken jaiotako aktore honek batez ere komedian egin du lan, «Bocados de realidad» eta «Un loco a domicilio» lanetan, besteak beste, ikusi bezala. Honakoan aurkeztutako lanean, bere «adimena eta umore ausarta» agerian jarriz, Hollywooden, hango izarren eta ekoizpen sistemaren irakurketa «ironikoa» egin du.

Horiek horrela, gerra-film baten errodajetik abiatuta, «Tropic Thunder»en «umore inspiratu eta lotsagabea» erreferentzia zinematografikoekin uztartzen ditu. Filmean, gainera, besteak beste, Tom Cruise, Nick Nolte, Matthew McConaughey eta Steve Coogan ere agertuko dira.

IRONIA

Ben Stillerren filmean umorea eta ironia dira nagusi. Gerra-film xelebre honetan «Salvar al soldado Ryan» eta «Platoon» bezalako filmei erreferentzia egiten die zuzendari estatubatuarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo