GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Goizuetako Gaztetxea, 17 urte herriko gazte mugimendua zabalduz

A.V.M. |

Goizuetako Gaztetxeak hamazazpi urte bete ditu aurten. Urteotan, herriko gazte mugimenduak gogor lan egin du eta ekimen anitz plazaratu dituzte. Horregatik, egindako lan guztiarengatik eskerrak eman nahian, aurten Udalak suziria botatzeko ohorea eskaini die Gazte Asanbladako arduradunei.

Ibai Zubiri izan zen txupinazoa botatzeko aukera izan zuen pertsonetako bat. «Niretzat benetako ohorea izan da nire herriko suziria bota ahal izatea, oso esperientzia hunkigarria izan da», azaldu zuen Gazte Asanbladako kideak. Dena dela, argi utzi nahi izan du Udalak eskainitako omenaldia Gaztetxearen sorreratik bertan lan egin duten pertsona guztiei zuzenduta dagoela.

«Hamazazpi urteotan pertsona asko pasa dira Gaztetxetik eta beraz, haiek guztiek egindako lana eta es- fortzua kontuan hartu behar dira. Azken batean, meritua guztiona baita», argitu nahi izan du Zubirik. Era berean, oroitarazi du gaur «Gaztetxeko txupinazoa» botako dutela. Izan ere, urtero egiten da ekitaldia, eta gazte mugimenduaren garrantzia aldarrikatzea du helburutzat.

Autogestioa

Gazte Asanbladako arduradunak nabarmendu nahi izan duenez, Gaztetxearen ardatz nagusia «autogestioa» da: «Urtean zehar antolatzen ditugun ekimenak finantzatzeko dirua jaietan irekitzen dugun tabernaren bidez lortzen dugu, gure lan guztia autogestioaren bidez gestionatzen dugu-eta».

Hala, festetan antolatzen dituzten ekitaldiez gain, Gazte Asanbladak urtean zehar ere ekimen anitz aurrera eramaten ditu.

«Lan talde ezberdinak egiten ditugu, eta bakoitzari hilero ekimen bat antolatzea dagokio. Horretaz gain, Txino auzoko festen egitaraua eta Goizuetako eta Leitzako gazteen arteko topaketak antolatzen ditugu», adierazi du Zubirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo