GARA > Idatzia > > Mundua

Etorkinek aldarrikapenak egiteko hartu dituzte Pariseko Eliseoko Zelaiak

Paris turistikoaren xarmaren alboan, «paperik gabeko» etorkinen borroka ere biltzen da Eliseoko Zelai entzutetsuen ingurura. Bertan dauden Bistro Romain eta Quick jatetxeetako langileek beren eskubideen alde maiatzean hasi zuten greba.

Simon VALMARY |

Uda erdian, «paperik gabeko» 40 etorkin inguruk Pariseko etorbiderik ospetsuenean, Eliseoko Zelaietan, ekin diote protestari Estatu frantsesean lan egiteko behar dituzten baimen eta agiriak eskatzeko.

Egunero, Eliseoko Zelaietan dauden Bistro Romain eta Quick jatetxeetako langile grebalariek aulkiak, CGT sindikatuko banderak eta elkartasuna biltzeko hainbat koloretako lapikoak paratzen dituzte sasoi honetan bisitariez gainezka dagoen etorbide honetan.

«Bizirik irautea baino ez dugu nahi», azaltzen du 25 urteko Abdulaye Diabik. 2002tik Quick jatetxean garbiketaz arduratzen den azpikontrata batean egiten du lan.

Turista gehienak gelditu ere egin gabe pasatzen dira grebalarien albotik. Gutxi batzuk baino ez dira haien pankartei begiratzen dietenak.

Paris eskualdeko ehunka «paperik gabeko» langilek grebari ekin zioten apirilaren 15ean CGT sindikatuaren eta etorkinen aldeko talde baten sostenguarekin.

CGTren arabera, protesta honi esker 850 «paperik gabeko» langilek beren egoera normalizatzea lortu dute. Beste 650 zain daude Pariseko eskualdeko prefetek zer ebazpen emango.

«Prozedura hauek aurrera doaz, baina udan moteldu egin dira. Abuztuaren 15etik aurrera horretan buru-belarri jarriko direla esan digute», esan zuen Christophe Cosmanok, Eliseoko Zelaietako Bistro Romain jatetxean CGT sindikatuak duen ordezkariak. Bertan, 32 langilek jatetxearen bigarren solairua okupatu zuten maiatzaren 20an eta bertan daude oraindik.

Pariseko erdigune turistikotik urrun, aldiz, beste 1.300 etorkinek sindikatuen sostengurik ez dutela salatzen dute maiatzaren 3an Lan Burtsaren eraikina okupatu zutenetik.

400.000

Estatu frantsesean 200.000 eta 400.000 «paperik gabeko» etorkin daude, datu ofizialen arabera. Gehienak lanean aritzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo