Xabier Izaga Irakaslea
Georgia, Libano, krisi ekonomikoa... txorakeriak
Sekula halakorik. Iñaki de Juana Chaos «etakidea» Irlandan omen dago eta IRAren «beso politikoaren» zenbait ekitalditan parte hartzeko asmoa omen du, «bere parte hartzea antolatzen ari da». Ez dut uste gogorarazi beharra dagoenik Iñaki de Juana orain dela zenbait egun kartzelatik atera zela, ezarri zizkioten zigorrak ondo beteta dituela eta, beraz, eskubide guztien jabe dela. Eskubide guztien jabe, ez eskubide guztiak gabe. Hedabide horien iturrien arabera, Irlandako Poliziaren arabera, alegia, De Juana han dago, eta Sinn Feinen hainbat ekitalditan parte hartzeko asmoa du. «IRAren beso politikoa» Sinn Fein baita. Orain arte ezker abertzalearen eredu izan behar zuena, IRA borroka armatua uzteko konbentzitu zuen alderdi eredugarria, berriro ere erakunde armatu eta «terrorista»ren beso politikoa da.
Abuztuan gaude, badakigu. Georgia, Libano, krisi ekonomikoa... txorakeriak izan, eta Iñaki de Juana Irlandatik lehen orrialdera eraman dute batzuek. Baina guztiz inozoak ere ez gara eta badakigu haren kontrako jazarpena ez dela atzo goizeko kontua. Oso erraz azalduko dute beren jazarpen horren zergatia. De Juana kaleratu izanak gizartean sortu duen alarma. Hau da, beraiek duela hiru bat urte, euskal presoak zigorra iraungitzear zuela ohartu zirenean, sortu zuten alarma. Eta alarma horrek espainiar Gobernuari eta epaileei hari egozteko berriak sortzera -«eraikitzera»- eraman zituen.
Eta bide batez, edo euskal preso ohia non dagoen esateak orrialde osoa betetzeko ematen ez duenez, esan digute, halaber, ez dakitela nork idatzi zuen de Juanaren omenaldian irakurri zuten gutuna, baina ez dute zalantzarik egiten, hark idatzi zuela egiaztatzen bada, delitu larria dela: herri honen parte esanguratsu batek miresten duen lagun batenganako mirespena eta preso eta hildakoen oroitzapen hunkitua agertzea.