Wall-E, Keaton eta isiltasunaren lilura ahantzia
Buster Keaton zinemaren historiako pailazorik handiena zela zioen Orson Wellesek. Charles Chaplinen sentimentalismoa saihestuz, drama erromantikorik gordinari ere irribarrea lapurtzeko trebezia zuelako... zer kontatua duen pailazoaren sentiberatasunez. Houdini mago entzutetsua izan zuen aitabitxi
Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea
Drama, erromantizismoa eta komedia sotiltasunez uztartzen dituen animaziozko harribitxi ederra da «Wall-E» (2008) filma. Maisulan benetakoa, zinez. Bakardadeak herdoiltzen du Wall-E robot otzanaren bihotza; maitasun ezinezkoaren laztan iragankorrak; zarama artean galdutako desira kiskaliak. Hain da gizatiarra haren sufrimendua! Gauero taupada kolpez jotzen dute ametsek robot bakartiaren itxaropenaren atetxoa. Setatsu. Oldarkor. «Hello, Dolly!» (1969) musikalaren melodia alaiekin dantzatzeko sasoia da orduan. Maitearen eskuak iluntasunean bilatzeko unea.
Zinemarik iradokitzaileena omentzen duten eszenez jantzita dago pelikula. R2-D2, ET eta 5. Zenbakia dakarzkigu gogora Wall-E robot atseginak. Denboraren zurrunbiloan galdutako haurtzaroaren lilura. Hal 9000 ankerra ere matxinatu egiten da beste behin; Donostiako jai artifizialen aurka mutinatzen diren piratak legez. Filmari darion poesiak, baina, zinema mutua du iturri. Pixar-eko artistek Buster Keaton ahantzia hartu baitute oinarri Wall-E irudikatzeko. Harrizko aurpegia jarrita ere sentimenduak adierazteko gai zen-eta begirada hitseko komikoa. Keinu zirkinik egin gabe emozioa kutsatzeko gauza.
Buster Keaton zinemaren historiako pailazorik handiena zela zioen Orson Wellesek. Charles Chaplinen sentimentalismoa saihestuz, drama erromantikorik gordinenari ere irribarrea lapurtzeko trebezia zuelako... zer kontatua duen pailazoaren sentiberatasunez. Houdini mago entzutetsua izan zuen aitabitxi. Hark jarri zion, hain justu, «Buster» ezizena. Roscoe «Fatty» Arbuckle-ren eskutik hasi zen zineman ondoren. Berehala akitu zen, baina, komiko malapartatuaren "slapstick" joko zaharkituarekin.
Bi maisulan handi errodatu zituen Buster Keatonek 1920ko hamarraldian, egiazki: «El navegante» (1924) eta «El maquinista de la General» (1927), hurrenez hurren. Ohi legez, zorigaiztoko patuari espresiorik gabeko aurpegiarekin aurre egiten dion gazte xalo eta zurbil-zurbila da protagonista; akrobazien bidez soilik adierazkortasuna erdiesten duena.
Hitzen esklabo garen gizarte gupidagabe honetan, Keatonen isiltasunaren xarmaz gatibatzen du txikienen irudimena Wall-E robotak; belaunaldi berriak zinema mutuaren erresuma galduan murgilduz; gizatasunean heziz. Sentimenduak ezin baitaitezke usu hitzen bidez itzuli. Begirada samur edo irri baten bidez baizik. Elkarri eskutik helduta.