GARA > Idatzia > > Kultura

Zerua agertoki bilakatzen denean...

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

K ome lepoa luzatuta eta zerura begira dagoen artaldearen erdi-erdian dago eskuan duen arroz esnezko izozkiari zupada bat eman nahian. Mihia ahotik atera eta zapore gozoa dastatzear dagoen unean bertan, norbaitek bizkarra ukitzen dio atzetik. Poltsa lapurtu nahi diotelakoan, izozkia hartu eta aurpegiaren erdi-erdira jaurtitzen dio bizkarretik datorkion lapurrari.

Kome: Alde hemendik!!!...

Baina lurrean dagoena, ez da lapur bat ...

Traje: Aaaaiii ....

Kome: Ene! ... Barkatu, Traje!

Traje: Aaaaiii... A ze patu krudela... Izozkia jateko ahoa zabaldu izan banu sikiera....

Kome: Ez, Traje, ez... erregimena pikutara bestela! Ea... zutitu zaitez eta begira zein ederra dagoen gure hiriko zeru urdina.

Traje: Euri lainoek estalitako zeru beltza esan nahiko duzu, ezta?

Komek ez dio jaramonik egiten, zeruko koadroa begiratzen ari baita, artaldearen erritual sakratuak eskatzen duen bezala.

Traje: Nongoak dira su hauek?

Kome: Sh....

Traje: (Oihuka) Nongoak diren su hauek!!!...

Kome: Zaude isilik! Izozkia pikutara bidali eta poltsa lapurtzen saiatu ostean, ez al didazu Valentziako suak ikusten utzi behar?

Traje: Berekoi halakoa! Ez al zara konturatzen nire gaitza dela eta ezin dudala gorantz begiratu?

Kome: Hara! Afrikarren lepoko bat oparitu al dizu zure koinataren izebak edota... zure senide arraro horietako batek?

Traje: Ez. Medikuak halabeharrez oparitu didan lepoko bat da.

Kome: Ene! Zure ilobaren anaia, Moliere delako hori, medikua al da?

Traje: Ez, Kome. Nire familian ez dago medikurik. Istripu bat izan dut.

Kome: Su artifizialei begira lo geratu al zara?

Traje: Ez. Aurreko egunean, nire koinataren lehengusuaren ilobaren anaia bikia eta biok kaleko ikuskizun bat ikusten aritu ginen, ahateak, antzarrak eta usoak elkarrekin, komunitatean bizi diren Gipuzkoa plazan ...

Traje: Trapuz Zaharraren ikuskizunean izan al zineten?

Traje: Trapu zaharra zu izango zara!

Kome: Et, et, et! Nik ez dizut trapu zaharra deitu! 25 urtetan zehar kalean antzerkia egiten daramaten Trapu Zaharra taldearen zilarrezko ezteiei buruz hizketan ari nintzen!

Traje: Ez dakit nire koinataren oinordekoaren alabaren bikiaren belarririk gabeko bizilagunak gonbidatu gintuen. Eta ikuskizuna ikusten ari ginela, kolpetik liburu bat hartu eta...

Kome: «Trapu Zaharra 25 años en la calle» liburuaz ariko zara, noski!

Traje: Ez! Nire lehengusuaren oinordekoaren koinatak, Araiak...

Kome: A!... Araiako umore azokako «El Concursazo» ikusten ariko zineten!

Traje: Kome! Ez al didazu entzun behar?

Kome: Bai ...

Traje: Liburu madarikatua hartu eta sekulako danbatekoa eman zidan hemen, sudur puntan. Eskerrak Markeli agertu zen eta ...

Kome: Zein, Markeliñe?...

Traje: Ze Markeliñe ta ze Makilakixki! Rosarioren aita ordearen arrebaren lehengusu bikiaz ari naiz!

Kome: Rosario? Saguesekoa? Lolaren maitale publikoarekin izandako alaba sekretua? Peskadilla edota sardinillarekin izandako sekretupeko sagarreko adarraren edota sudurraren puntan ...

Traje: Rosarito zegoen kantari! No te digo!

Kome: Bere katuak ui, ui, ui, ui egiten duenaz ari al zara?

Une horretan su artifizialen azken traka hasten da eta KOME zerura begira geratzen da zeharo hipnotizatuta.

Kome: Sh... Begira, begira ...

Traje: Aaaii ...

Kome: Pin! Pan! Pun!

Traje: Aaaiii!!!!....

Kome: Zer duzu orain?

Traje: Ui, ui, ui, ui.... mi cuello hace ai, ai, ai, ai, ai, ai, ai...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo