Bolivian argi daude akordioaren baldintzak
Evo Moralesek, bere agintaldia bertan behera utz zezakeen erreferenduma irabazi ostean, argi utzi zuen herriak babestutako konstituzio erreforma gauzatze aldera Bolivian herritarren babesa duen proiektu ororekin negoziatuko duela, baita bere proiektu iraultzaileari aurre egin nahi dioten «Media Luna»ko prefetekin ere. Hala, garaipenak negoziazio horiei begira ematen dion indarra aldarrikatzearekin batera, bere proiektua babesten ez duten herritarrei berak eraiki nahi duen Bolivian tokia badutela adierazi nahi zien. Edonondik begiratua, azkarra eta burutsua izan da Moralesen azken mugimendu hau.
Izan ere, MASen proiektuak Bolivia osoan babes handia lortu badu ere, ezin da ukatu eskualde guztietan herritarrek autonomia maila altuagoa eskatzen dutela. Jakina, autonomiaren eskaera erreformak eteteko aitzakia gisa erabiltzen dute batzuek. Nolanahi ere, babes hori ez da mugatzen Moralesen aurka dauden prefet eta oligarketara. Ezin da esan, besterik gabe, lurralde jakin batean herritarren %60k babestutako proiektua «oligarken eta soilik oligarken» proiektua denik. Hein berean, ezin da esan, huts-hutsean, oligarkek herritar xaloak manipulatzen dituztela, inozoak bailiran.
Moralesek, eskua luzatzeaz gain, negoziazioetarako baldintzak jarri ditu. Herritarrek berari jarri dizkioten berberak, hain zuzen ere.