Rockabilly musikaren errege, Stray Cats taldea azkenengoz zuzenean
Orain dela ia hogeita hamar urte New York hirian sortu zen Stray Cats rock & roll talde mitikoa. Brian Setzer, Lee Rocker eta Slim Jim Phantom izarrek osatutako taldea, -betirako?- agur esan eta, munduan zehar azkenengoz jotzeko elkartu da orain, eta Euskal Herria aukeratu dute Europako bira abiatzeko. Rockabilly festa Barakaldoko Rockstar Live aretoan ospatuko da gaur, gaueko 22.00etatik aurrera. Ez da ez dantzarako gogorik, ez tupe edo tatuajerik faltako.
Anartz BILBAO | BILBO
Bihar Barakaldon hasiko du Stray Cats taldeak Europako agur-bira, eta Dublinen bukatu, irailaren 14an. 1980ko hamarkadan rockabilly revivalak eman zuen hirukote bikainena 2004an elkartu zen berriro taldearen sorreraren 25. urtemuga ospatzeko eta betirako agur esan eta poltsikoak betetzea erabaki du orain, hiru hamarkada betetzear diren urte honetan.
Stray Cats 1979an sortu zuten Brian Setzer gitarristak, Lee Rocker kontrabaxuak eta Slim Jim Phantom bateria-jotzaileak, New York hirian. 50eko urteetan sortutako rockabillyaren revivalak 80etan berriro bogan jarri zituen rock and roll doinu bizkorrak eta ikusgarria zen hirukotearen itxura ere, beren tupe, eta tatuajez jositako azal eta guzti. Alta, hasieran ez zuten arretarik bereganatu AEBetan eta Ingalaterrara jo zuten. Bertan plazaratu zuen taldeak debut lan homonimoa, eta zaleak bereganatu. Ameriketara bueltatuz «Built for Speed» argitaratu zuten 1982an, Ingalaterran emandako bi lanen laburpen arrakastatsua. Lehen hiru lan bikainen ostean erdipurdiko batzuk ekoiztu zituen hirukoteak, eta 1993ko «Original Cool» du azkena. Taldeak, oraindik bizirik zela eta lehen banaketa baino lehen, Euskal Herrian ere jo zuen zuzenekoan, 1982ko otsailaren 20an, Donostiako Anoetan.
Agur esateko ordua
Rock izar eta rockabilly zaleen mito bilakatuta, 1984an Setzerrek taldea utzi zuen eta harrezkero hirukotea makina bat aldiz berrantolatu duten arren, ordutik hona musikari bakoitzak bere bidea jorratzen dihardu, bakoitza bere egitasmoetara emana. Agian Brian Setzer gitarra-jotzaile ikusgarriaren orkestra dugu egitasmo eta talde berri horien guztien artean ezagunena, Stray Cats taldeak lortu zuen ospea inoiz gainditzerik izan ez badu ere.
Tarteka elkartzera ohituak, Brian Setzer, Lee Rocker eta Slim Jim Phantomek taldearen sorreraren 25. urtemuga ospatu zuten 2004an, eta betirako agur esatea erabaki dute orain, lau urte geroago. Mundu mailako agur-bira horren Europako zatirako Barakaldo hartu dute gaur abiapuntu eta ez da faltako ez tuperik, ez tatuajerik rock izar mitikoak agurtzeko, Ezkerraldean sakabanatuta rockabilly zale eta musikariak izan badira-eta. Gainera, zuzenekoaren ostean Nash eta Indio disko-jartzaileek saioa luzatuz jo eta su astinduko dute rockabilly gaua. Sarrerak, berrogeita hamarren faltan, agortzear ziren atzokoan.
Euskal Herritik landa, besteak beste Helsinki, Stockholm, Amsterdam eta Londresen joko du hirukoteak gero, otsailean Australiara abiatu baino lehen, Ozeaniara azken hamazortzi urteetan egiten duten lehen biran.
Stray Cats hirukotearen agur-festan parte hartzeko sarrerak 45 eurotan ziren arren, atzokoan berrogeita hamar inguru baino ez ziren falta aretoa bete eta agortzeko.
Data: Gaur, abuztuak 16.
Lekua: Rockstar Live aretoa (Barakaldo).
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 45/48 euro.
New York hiriko Long Islanden 1959an jaioa, rock izar distiratsua dugu Brian Setzer gitarra-jotzailea. Musika hastapenak metalak jotzen eman zituen -tuba-jotzaile legez, adibidez-, eta big band bat sortzea omen zuen amets, baina rock talde bateko partaide izatearen zirrarak bultzatuta, Stray Cats sortu eta gitarraren maisu bilakatu zen, zuzeneko ikusgarriak eskainiz eta abiadura azkarreko lan bikainak argitaratuz. Hirukotea utzi ostean txikitako ametsa gauzatu zuen Setzerrek, eta hamazazpi laguneko big band bat antolatu zuen Los Angeles hirian. Hasieran kosta zitzaien arren, ospetsua eta arrakastatsua da egun Brian Setzerren orkestra. 1998an «Dirty Boogie» eta milurteko hasieran «Vavoom!» bikainak plazaratu zituen, eta 2002an berriz, Gabonetako kantez osatutako lana, «Boogie Woogie Christmas». Azken lanak iaz plazaratutako zuzenekoak ditu. Montrealen grabatutako «One Rockin' Night» bata eta Japonian jasotako «Red Hot & Live» bestea, biak Surfdog zigiluan argitaratuak. 2006an Washingtongeko Etxe Zurian jo zuen, AEBetako lehendakari George Bush eta Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumiren aurrean.