Floren Aoiz www.elomendia.com
Biguinak eta gogorrak, beti bezala
Udaro bezala, honakoan ere ezker abertzalearen barneko egoeraz mintzatzen dira komunikabideak. Betikoa da, egia esan: biguinak eta gogorrak, negoziatu nahi dutenak eta negoziazioaren kontrakoak... Beste une batzuetan ni neu alderdi batean zein bestean sartu nautenez, ederki dakit noraino iristen den ergelkeria hauen benetako oinarria. Estatuei komeni zaie ezker abertzalearen zatiketaren irudia zabaltzea, eta, jakina, horretarako prest agertzen dira hedabide gehienak.
Aurtengoan Otegiri egokitu zaio toxikazioaren biktima nagusietarik bat izatea. Kartzelatik ateratzeko data hurbildu den heinean, hari buruzko «informazioak» ugaldu dira. Toxikazioaren helburua ezker abertzalearen posizioak ahultzea da, baina, ene ustetan, zerbait gehiago ere bada. Azken prozesuan, Estatu espainolak ikasi zuen oso zaila dela ezker abertzalearen indartze politiko eta soziala ekiditea. Hasteko, Estatua negoziazioaren kontra agertu denez, negoziazioa bera ezker abertzalearen garaipentzat hartzen du jendarteak. Nire ustetan, ondorioztatu zuten edonolako negoziazio saioren aitzin beharrezkoa dela ezker abertzalea ahulago agertzea. Nola? Errepresioa erabiliz, jakina, eta, irudikatuz ezker abertzalean izugarrizko lehia dagoela eta negoziazioaren aldeko jarrera porrotaren onarpena dela. Hau da, ezker abertzaleak negoziazioa eskatzen duela politikoki akabatuta dagoelako, beste biderik ez duelako.
Ez dut esan nahi Arnaldoren inguruko toxikazioen helburua hau denik, ez baitakit. Baina ez dute Arnaldoren irudia zaindu nahi. Nahiz eta besterik sinetsarazi nahi diguten, Estatu espainolak ederki daki bide polizialak ez duela gatazka gaindituko, eta, beraz, noizbait ekin beharko diola beste negoziazio prozesu bati. Noizbait? Ez gaur, ezta bihar ere, argi dago. Beste fase batean gaudela agerikoa da. Baina esanguratsua da borroka ideologikoan ematen ari diren urratsak. Finean, urrats hauek Estatuaren ahulezia estrategikoa nabarmentzen dute. Ez dute gatazkari aurre egiteko alternatibarik. Izan ere, arras ongi dakite errepresioa ez dela alternatiba bideragarria. Zorigaitzez, denbora pasa beharko da ostarteak antzemateko, baina ez dago beste biderik.