Sonia Gonzalez Idazlea
Olinpiadak
Dena ezin da diruz erosi, BAT andrea. Ondo pasa Txinan pagatzen dizkizugun oporrak zure alderdiak animatzen dituen koloreak bultzatzen
Eskertzekoa da lantzean behin futbola, ziklismoa edo kotxe-karrerak ez diren bestelako kirolak ikusi ahal izatea. Zale handiak ez garenontzat ere benetan da zoragarria gorputz bat noraino heldu ahal den, zer egiteko kapaza izan ahal den ikustea. Igeriketan dabiltzanei oinen lekuan arrain-hegalak irten zaizkiela, gimnastak koltxonetaren gainean edo barrari helduta hegan egiteko kapazak direla, imajinatu ere ezin ditugun muskuluak atletek mugara arte lantzen dituztela ikuskizun benetan ederra da, nahiz eta urteetako ahalegin, esfortzu eta sufrikario guztia gure sofaren erosotasunetik gozatu. Hainbesteko denboran itxarondako momentua azkenik heltzen denean, ilusioak sari bihurtzen dira edota hutsegite batek ezintasun bilakatzen ditu. Nork bere burua hobetzeko istorio oso bat dago kirolari bakoitzaren atzean.
Hala ere, eta zoritxarrez, mugaz alde honetakooi tokatu zaigun «herrialdean» izpiritu olinpiko delako hori modu bitxi eta harrigarrian ulertzen dute. Hein horretan, kirol apur bat ikusi nahi badugu eta kate internazionalik ez badaukagu, ezinbestez kate espainolaren bitartez egin behar dugu eta, ezinbestez espainiar esatariei entzun behar diegu. Horrela, beste herrialdeetakoei ez diete sekula -edo oso gutxitan- ezer ondo egiten dutenik onartzen, ez dute penarik adierazten jausten direnean, kirolari espainolari irabaziz gero ez diete zorionik ematen, berdin taldeka edo banaka. Mugaz bestaldean ez dut uste oso ezberdina izango denik, Frantziako chauvinismoa mundu osoan ondo ezaguna da-eta, baina berton jende sinplearentzako «¡a por ellos!» gerra oihu sinplean laburbildu liteke.
Beste arrazoi bat espainola izan nahi ez izateko.
Hala ere, hantxe, Beijingen, Miren Azkarate daukagu une honetan, betiko papera egiten: berdin Oscar sariak ematen diren edota Olinpiadak martxan dauzkagun; ETBn sasi euskalduntasuna saltzen eta horretarako asmatu berri duten Basque Team delako hori. Zer da, baina, «basque» hori? Zer zilegitasun daukate «basque» berba baskongadetara mugatzeko? Zer zilegitasun daukate kontu honekin eta beste guztiekin herri baten osotasuna beren feudo partikular horretara murrizteko? Batez ere, gure herri hau aspalditik dagoenean borrokan benetan euskal selekzioak aurrera ateratzeko.
Edozelan, benetan da barregarria Azkarateren ezpainetatik «basque team» berbak entzutea atzetik inguratzen duten maila altuko kirolari guztiak bandera espainolaz jantzita dauden bitartean. Barregarria edo lotsagarria norberarentzat, Azkaratek and companyk erreparo izpirik ez badaukate ere. Are gehiago, Euskal Herriaren ahaleginak kirolean ere existitzeko galgatu ahal izanez gero, duda barik galgatzen jarraituko dute.
Bien bitartean, euskal kirolariek, nahi eta nahi ez, zein selekziotan jokatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez daukate, eta denak beharbada ez, baina zenbait kolore arrotzekin parte hartzera eta, hori gutxi balitz, irabaziz gero, norberaren herria ukatzen duen himnoa entzutera beharturik daude. Dena ezin da diruz erosi, BAT andrea. Ondo pasa Txinan pagatzen dizkizugun oporrak zure alderdiak animatzen dituen koloreak bultzatzen.