Gazte independentistek Donostia berri bat piztu dute jai giroan
Datorren urriaren 25ean Independentzia Egunerako deia egin dute gazte independentistek, eta azaldu dute egun horretan «sokatira» gisako bat izango dutela beren «etsaiekin». Hitzordu horretarako, sasoi onean eta erabat prestatuta egon nahi dute gazteek eta entrenamendu gisa edo, gazte egun andana izan dituzte Euskal Herria osoan. Atzo donostiarren txanda iritsi zen eta olinpiadetan beren sasoia erakutsi ondoren, jaiari eta aldarrikapenari egin zioten lekua.
GARA |
Donostian atzo botatako euri zaparradek ez zuten gazteria kikildu eta aldarrikapena eta jaia uztartuz ekimen andana egin zituzten beren egunean, gazte independentistek antolatutako Gazte Egunean.
«Donostia berri bat piztutzera goaz. Etorkizuna, independentzia» lemarekin antolatutako eguna goizean goiz hasi zen. Luntx batekin indarrak hartu, eta eguraldi kaxkarrari aurre eginez, gazte olinpiadak egin zituzten, eta goiz osoan kaian barrena aritu ziren, hara eta ona, auzoetako gazteak, jolasean. Eguerdian zuten hitzordu nagusia: 13.30ean ekin zioten gazteek manifestazioari. Boulevardetik abiatu, eta bertara bueltatu ziren, busti-busti eginda, hiriko erdialdea zeharkatu ondoren.
Faltan direnak gogoan
Urte gogorra izan dute gazte independentistek eta asko izan ziren atzoko egunean, behartuta, huts egin zuten gazte donostiarrak. Polizia espainolak joan den udazkenean egindako polizia operazioan atxilotu eta espetxeratutako gazteak izan zituzten gogoan, baita Olaia Kastresana, eta Imanol Gomez hildako ETAko militanteak ere, eta Oihane Errazkin, zendutako presoa.
Garaipena ez dela egun batetik bestera etorriko nabarmendu, eta «eguneroko borrokan» jarraitzeko premia mahaigaineratu zuten. Makina bat borroka ildo aipatu zituzten, gainera: bandera espainolaren ezarpena, errauste planta, AHT gelditzeko beharra edota etxebizitza eskubidearen aldeko borroka.
Independentzia dela «etorkizun bakarra» aldarrikatu zuten gazteek, eta borroka horretan marko demokratikoaren proposamenak gazteen «tresna» izan behar duela gaineratu zuten. «Lana, borroka eta militantzia» horiexek jo zituzten borroka errezetaren osagaitzat, eta lanean jarraitzeko deia egin zieten gazteei.
Gazte andana batu zen ondoren ere, Ikatz kalean egindako bazkarian, eta bapo jan eta edan ondoren euskal kanten ordua iritsi zen, Gartxoten eskutik.
Edaririk ez zen falta izan egunean zehar eta are gutxiago arratsalde partean, sagardoa dastatzeko beta ere eskaini baitzuten gazte independentistek. Txistorra usainak ere azkar erakarri zituen Alde Zaharrean barrena zebiltzanak, izan ere, afari gisa txistorra jana egin zuten iluntzean Sarriegi plazan.
Eguna ondo amaitzeko, kontzertua izan zuten gazte independentistek Sarriegi enparantzan. Sarkor eta Bertanbera taldeak izan ziren agertoki gainean, aldarrikapenen ondoren, musikari ateak irekiz.