Kanbon laster eraikiko den kasinoaren aurka agertu dira herriko gazte gehienak
Xabi HERNANDEZ |
Iragan asteburuko herriko besten karietara, mobilizazioak egin zituzten bertako gaztetxeko kanboarrek, datozen hiletan eraikitzen hasiko diren kasinoaren proiektuaren aurrean desadostasuna azaltzeko. Izan ere, joan den igande, astelehen eta asteartean hainbat ekimen antolatu eta burutu zituzten egitasmo «elitista» hori salatzeko. Igande eta asteartean orgen desfilea egin ohi dute bertakoek, bakoitzak gai edo aldarrikapen zehatz baten inguruan. Gaztetxeko kideek aukera hori baliatu nahi izan zuten egunotan beren salaketa herritarrei zein turistei helarazteko. Horretarako, kasinoa irudikatu zuten orga gainean, gazteak aberatsez jantzita. Haiekin batera, pankarta zabal batean, mezua zehatz eta zuzenki adierazia: «Lanik ez, etxerik ez! Kasino baten beharra dugu?». Astelehenean ere jantzi dotoreak soinean, gauean izan zen kontzertura bertaratutakoei paperez eginiko dirua banatzen ibili ziren helburu berarekin.
Gaztetxeko kide den Xan Beyriek azaltzen zuenez, «gure asmoa informatzea eta herritarrek kontzientzia har dezatela izanen da, guk hemen kasino bat ez dugulako behar, beste premia batzuk baitira lehenik».
Herriko Etxea isilik
Lapurdi barnealdeko herri honetako udalak ez du daturik ematen momentuz, nahiz eta, Beyriek berak adierazten zuenez, lanak «laster» hasiko diren. Herriko Etxeko langileek bere aldetik proiektua onartuta dagoela aitortu dute, «herriko gazte gehienen aurkakotasuna» badu ere. Egitasmoak turismoaren sustapena izanen luke helburu, dagoeneko diren terma naturalengatik anitz biltzen duena.