Aizkora
Lan motzean zein luzean, Nazabal beti irabazle
Araian zein Donostian, Floren Nazabalek egungo aizkolari onena dela erakutsi zuen. Etxarriarrarentzat entrenamendu saioak baino ez zirela zirudien
Arnaitz GORRITI | BILBO
Sasoia ere latza baitu, gaur egun ez da erraza Floren Nazabali itzalik egingo dion aizkolaririk aurkitzea. Beste zenbaitekin batera, «sesio bikoitza» izan zuen aizkolari etxarriarrak eta bietan, Araiako saio motzean eta Donostiako luzean, nahi bezala nagusitu zen. Ondorioz, Euskal Herriko lehen Mailako kanporaketa eramatea lortu zuen eta, hori gutxi balitz, Donostiako Urrezko Kopa ere bereganatzea erdietsi. Halako balentrien aurrean, txalo egin, besterik ezin dute egin ikusleek eta aurkariek.
Araiako kanporaketan bi kana-erdiko, 60 ontzako beste bi, eta 45 ontzako beste bi ebaki behar izan zituzten. Denborarik onena erraz lortu zuen etxarriarrak: 17 minutu eta 50 segundo, bigarren izan zen Txapartegik baino ia bi minutu gutxiago. Esan behar finalera Nazabal eta Txapartegiz gain, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente sailkatu zirela. Harritzekoa da Jose Mari Olasagastiren lana. Maila bikaina izan arren, Igeldokoa oso justu aritu baitzen Araian, eta 21.37 denboraz, hurbilago izan zituen atzeko postuak aurrekoak baino.
Donostian hasieratik nagusi
Goizeko lanarekin berotuta, Donostiako Urrezko Kopa zuten aizkolariek atzo arratsaldeko hitzordua, eta han, 20 kana-erdiko ebaki beharra. Goizean bezalatsu, Nazabalek lehenengo unetik bere legea ezarri zuen. Ito gabe, minutu eta erdi atera zizkion Olasagastiri eta lau minutu hirugarren amaitu zuen Lopez Azpilikuetari.
Beste aldetik, urtero Mallabian egiten duten harri txikien lehiaketan Izeta III.a nagusitu zen, orotara 87 jasoaldi emanda. Bere atzetik Izeta IV.a eta Inar sailkatu ziren bigarren lekuan, 79na jasoaldi eginda.