GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria Euskal Herriari

 


ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bere gain hartzen ditu honoko ekintzak:

- Maiatzaren 12an, Hernanin, AHTren lanetan aritzen den Amenabar eraikuntza enpresaren aurka bi lehergailuz buruturiko ekintza. Bi hondeamakinetan kalte materialak izan ziren.

- Ekainaren 1ean, Zarautzen, AHTren lanetan aritzen den Amenabar eraikuntza enpresak duen egoitzaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

- Ekainaren 8an, Zamudion, «El Correo» egunkari faxistaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez. ETAk jakinarazi nahi du leherketaren berri ematen zuen deia egin zuela, eta polizia indarrek deia jaso ostean moztu zutela telefonoa, euskal militanteak harrapatzeko saiakera ustelean. Ez zuten «El Correo» hustu nahi izan, bertan zeudenen bizia arriskuan jarriz. ETAk herritarrak ez kaltetzeko eskura dituen neurri guztiak hartzen jarraituko du. Horien aurrean jaramonik ez egin edota maltzurki erabiltzean gertatu litezkeen ondorioen erantzukizuna oso-osorik eta bete-betean espainiar agintariena izango delarik.

- Uztailaren 4an, Elgea mendizerrako Urdindain mendiko errepikagailuaren aurka lehergailuz buruturiko ekintza, kalte materialak eraginez.

- Uztailaren 20an, Nojako hondartza eta golfean espainiar turismoaren aurka bi lehergailuz buruturiko ekintzak.

- Uztailaren 20an, Laredoko hondartzan espainiar turismoaren aurka bi lehergailuz buruturiko ekintza.

- Uztailaren 28an, Orion, AHTren lanetan ari diren Fonorte eta Acciona enpresen hondasunen aurkako ekintza kalte materialak eraginez.

Euskal Herria askatzeko deliberoa hartu genuenez geroztik, ETAk borroka bide luze eta latza egin du, betiere herri gisa menpe hartzen gaituzten estatuen kontra. Mendetan barrena luzatu eta oraindik lortu ezin izan duten asimilazio estrategiari aurre egin izan eta egiten diogu adorez, eskuzabaltasunez eta borroka tinkoz. Burkide anitz dira bide horretan eroriak, atxilotuak, basatiki torturatuak, espetxeratuak edota erbesteratuak.

Frantziar zein espainiar estatuen asimilazio nahikeria politikoa, sozioekonomikoa, kulturala eta bortxaren bidezkoa da. Antolakundeen jazarpen politikoa, ideia guztien ordezkaritza politikorik gabeko hauteskunde ustelak, atxilotze masiboak, tortura ankerrak, kartzelatzeak, heriotza zigorrak, epaiketa fartsak, komunikabideen itxierak, gazteriaren kriminalizazioa, manifestazio eta gainerako eskubide politiko eta zibilen urraketa dira jarduera errepresibo zoro horren adierazle batzuk.

Gure herriaren hitza entzun eta errespetatu beharrean, makurrarazi eta desagerrarazi nahi gaituzte, Frantziako eta Espainiako sabelera bildu.

Zapalkuntza eta justiziarik gabeko egoera horren adibideak dira modernitatearen izenean inposatu nahi dizkiguten AHTrena bezalako makroproiektu txikitzaileak. Modernitate santu hori porlan tonen arabera neurtuko balitz bezala. Aldiz, porlan tona horietako bakoitzak gure herri proiektua lurperatzen du. Ustezko modernitate, ongizate, eta beste hainbat hitz hustuen atzean gordetzen dena, herri aske izan nahi duen honentzako hobia da, porlanezko hobia. Baina honetan ere, ez dugu gure herriarentzat hoberena deritzoguna erabakitzeko eskubiderik eta, beraz, gure herriak duen eskubide bakarrari, borrokaren eskubideari heltzen gatzaizkio, Ama Lurraren defentsa aurrera eramanez.

AHTrekin egiten ari diren txikizioa, PNV eta enparauen politikaren adibide ezin argiagoa da. Batzuen irabaziak kosta ahala kosta bermatu behar dira, berdin dio egiten ari diren guztiarekin Euskal Herria proiektu bezala hipotekatzen badute ere. Edo hori da bilatzen ari direna? Ez al da izango Euskal Herri aske batek PNVrentzat eta inguruko erregionalistentzat izugarrizko arriskua suposatzen duela? Arriskua, beraien botere eta diru sarrerak galtzean dago. Leher dadila Euskal Herria batzuen interesak zalantzan jartzen baditu! AHTren atzean dauden interesak Euskal Herriarentzako arrotzak dira. Ez dago onura bakar bat ere eta, ondotik, gure herria punta batetik bestera zeharkatuko duen porlanezko orbaina izango da geldituko zaiguna.

Non daude Ibarretxe eta herriaren borondatearen ustezko beste «errespetatzaile» guztiak, non daude «betiko demokrata» horiek, Euskal Herriak makroproiektu hau errefusatzen duenean? Lehenago ere ikusi izan ditugun lekuan, Boroako proiektua Zornotzako herriak errefusatu eta hala ere inposatu zitzaion leku berean. UPNko beraien anai erregionalistek Itoitz urperatu zutenean zeuden leku berean. Antzerki sasi demokratikoa egitea maite dute, inposizioaren ariketa bat gehiago egiten duten bitartean. Nork sinetsiko ditu beren Ibarretxe plana eta horrelakoekin datozenean, bien bitartean herriaren nahiaz behin eta berriz trufatzen ari direnean? Ez al dago kontsultarik AHTrentzako? Ez al dute balio AHTren ibilbideko herriek erreferendumetan adierazitakoak? Non geratzen da herritarren borondatea? Zertarako antolatzen dituzte «herritarrak politikagintzan parte hartzeko» mintegi eta ekitaldi mediatiko horiek? Populismo zekena eta propaganda, berriz ere!

Lotsagabeak behar dute izan hori egiten duten bitartean euskal erresistentzian gabiltzan gudarioi herriari zernahi inposatzea leporatzeko. Lotsagabeak Ezker Abertzalea udaletxetatik botatzerakoan «etikaz» hitz egiteko. Hori bai! Hobe isildu eta makurtu bi estatuek beraien polizia eta ejerzito guztiez inposatzen diguten zanpaketaren aurrean.

Herri zahar hau ukatu eta zatitu digute etsaiek arma arrotzen zaintzapean eta bertako kolaboratzaileen ezinbesteko laguntzaz duela 30 urte egin zuten Moncloako besarkadari men. Eta besarkada berritzeak herri honen gaitza larritu besterik ez du egingo. Nafarroa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkarren kontra ezarriz ez dugu etorkizunik. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Frantzia kolonialaren menpera abandonatuz Euskal Herriak ez du etorkizunik.

PNVk eta PSOEk Euskal Herria zatitu eta soilik hiru herrialde lotzen dituen autonomia berriztatzeko apustua egiten dute. Orain dela hogeita hamar urte bezala, iruzur berri bat prestatzen dihardute; orduantxe bezala, Euskal Herriaren askatasunari traizio likitsa egiteko prest azaltzen dira. 30 urtez herri hau desegituratzen aritu diren horiek, beste 30 urtetako heriotza geldora kondenatu nahi gaituzte. Herri honen zauri zaharra zabalik mantendu.

PNVren kasuan, bere biziraupen politikoa Ajuria-Eneako gobernuaren kudeaketari atxikitzen zaiolako; PSOEren kasuan, aldiz, Espainiako erreforma Euskal Herrian inoiz egonkortu ez eta hamaikagarren ahalegina egin nahi duelako.

Aitzitik, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta bere erabakitzeko eskubidea biltzen dituen marko demokratikoak baizik ez du gatazkarekin amaituko. PNVk eta PSOEk gatazka jadanik hogeita hamar urtez luzatu duenaren alde, gatazka beste hainbat urtez luzatuko duenaren alde egiten dute. Beraiena, azken batean, gerraren aldeko apustua delako, argi eta garbi.

Euskadi Ta Askatasunak aurre egingo dio egitasmo ustel horri orain arte bezala indar guztiz eta, aldi berean, gure herriaren lurraldetasunari eta autodeterminazio eskubideari bide egokia emango dien marko demokratikora iristeko prestutasun osoz. Ozenki salatzen dugu Ibarretxek gidatzen duen Gobernu autonomikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parodia moduko kontsulta bat egiteko duen egitasmoa. Herri oso baten erabakitzeko eskubidea jokoan dagoenean, herri horren aitortzatik eta bere erabakitzeko eskubidearen onarpenetik gatazka gainditze bidean urrats erraldoiak eman daitezkeenean, Ibarretxeren egitasmoak gatazkaren jatorria ezkutatu, autodeterminazio eskubidea hutsaldu eta Euskal Herria desitxuratu besterik ez du egiten. Sasi kontsulta horren inguruan sortu duten harrabots mediatikoak helburu bakarra du: hurrengo hauteskunde autonomikoei begira posizioa hartu eta emaitzetan eragitea.

Etsaiak askapen mugimendua Gernikako Estatutu eta Foru Hobekuntzan ito eta sisteman barneratzeko saiakerak porrot egin du. Horren erakusle beraien legeen aldatzea, euskaldunak legalitate arrotzetan kabitzen ez garela onartuz horrela.

Euskal Nazio Askapanerako Mugimenduak ez du indar izpi bat bera ere legalitate arrotz horretan leku bat bilatzen xahutuko. Gure indar eta determinazio guztia Euskal Herria askatu eta berau eraikitzen jarriko dugu, orain arte bezala. Ibilbide horretan ez dago bidezidorrik. Borroka da bide bakarra!

Azkenik, Euskadi Ta Askatasunak Euskal Herriaren aldeko borrokan tinko segitzeko eta guztia emateko prestutasuna berresten du. Halaber, gure adorea helarazten diegu gure herriaren alde lan eta borroka egiten duten herritar zein antolakunde guztiei eta deialdi berezia egiten diogu euskal gazteriari borrokara lotzeko. Herria eginez, euskal Estaturako aurrerapausoak emanez, Euskal Herria batu, euskaldun, independente eta sozialista lortuko baitugu. Eutsi auzolanari! Lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2008ko abuztuan

Euskadi Ta Askatasuna

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo