GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

GIMNASTIKA ARTISTIKOA Lehiaketa orokorra

Liukinek urrea lortu eta bere aitak Seulen eginiko akatsa zuzendu du

17 urteko estatubatuar gazteak, txapelketa bikaina burutu eta txinatarrek orain arte gimnastikan erakutsiriko monopolioa apurtu zuen

pj06_f02_555x555.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Sekulako finala burutu eta txapeldun olinpiko bilakatu zen atzo 17 urteko Nastia Liukin estatubatuarra lau aparatuen artean 63,325 puntu lortu ostean, egungo munduko txapelduna den Shawn Johnson estatubatuarra (62,725 puntu) eta Yilin Yang txinatarraren aurretik (62,650 puntu). Garaipen honekin, orain arte txinatarrek gimnastikan erakutsitako monopolioa eten, eta bere aita Valery Liukinek 20 urte lehenago Seuleko Jokoetan gimnastikako bakarkako lehiaketa orokorrean eginiko hutsegitea zuzendu zuen, akats handi bat egin ostean Sobietar Batasunarentzat zilarra bakarrik lortu baitzuen. Urrea lortuta, Atenasen txapelduna izan zen Carly Patterson herrikidea ordezkatzen du palmaresean gimnasta gazteak.

Finaleko lehenengo liderra Nistor errumaniarra izan zen, baina bigarren probatik aurrera garaipena Liukin, Johnson eta Yangen artean egon zen. Nastia bikain aritu zen, eta jauzian 15,025, lurrean 15,525, uztaidun zaldian, 16,125 eta barra asimetrikoetan 16,650 izan ziren lortu zituen puntuazioak.

Jauzian, 15 urterekin 2007. urtean munduko txapelduna izan zen Johnson gailendu zitzaion, eta barra asimetrikoetan, ziurrenik gehiegizko puntuazioa jaso zuen Yang. Oreka-barraren txanda iritsi zen, ordea, eta proba horretan bi aldiz munduko txapeldun izandako Liukinek horren zergatia erakutsi zuen ariketa bikain batekin. Lurrean ere ederki moldatu zen, eta aurkariek zoriondu besterik ezin izan zuten egin.

Txapeldunak lehiaketa garrantzitsu guztietan taldekideen atzetik gerarazten zion zorigaitza kendu zuen gainetik, eta «oso motibatuta» ageri zen amaieran: «Pozik egongo naiz hemendik aste batzuetara domina hau nire gelan besteekin batera zintzilik jartzen dudanean», gaineratu zuen.

Nolako zura, halako ezpala

Liukinen gurasoak ere irabazle kastakoak dira. Aita Seuleko Jokoetan taldekako txapelduna izan zen Sobiet Batasunarekin 1988an, eta Anna Kotchneva ama, mazoen ariketan munduko txapelduna izan zen 1987. urtean. Amaren sekulako antza duen Nastia bera ere Moskun jaio zen, baina familiarekin Estatu Batuetara joan bizitzera eta bertako juniorren talde nazionalean sartu zen 2002an, gurasoen bideari jarraituz.

Alabaren prestatzaile Valery «oso harro» zegoen asteazkenean taldeka zilarra lortu ostean alabak bakarkako urrea irabazteko eginiko erakustaldiagatik: «Prest zegoen eta gogor egin du lan». 1988ko Jokoetan hainbeste buruhauste sortu zizkion lehiaketa orokorreko bigarren postuari erreferentzia eginez bere «akats zaharra zuzendu» zuela eta bera ere lasaiago zegoela gaineratu zuen: «Gimnastika da nire bizitza».

Nastia ere harro zegoen: «Harrigarria da 20 urte geroago aitarekin hemen egotea. Lan guztiak, zauriak, odola, malkoak... azkenean jaso dute ordaina». Aitak beregan izandako eragin positiboa nabarmendu zuen. Txapeldun olinpiko gaztearentzat Seuleko Jokoetan taldekako zein barra finkoko urreekin, eta lehiaketa orokorreko zein barra paraleloetako zilarrekin lorturiko lau dominak «inspirazio ona» izan direla argitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo