Kronika | Orreagako gatazkaren 1230. urteurrena
Euskaldunen gatazka handiak gogoan dirauela erakutsi dute Ibañetan
Orreagako gatazkaren 1250.urteurrena euri- pean ospatu zuten atzo Ibañetako lepoan eta Orreagako kolegiatako klaustroan. ekintza politi- koak eta kulturalak batu zituzten ekitaldia handizki itxuratzeko. Euri eta hodei artean, Ibañetako leporaino igo ziren «Nafarroako ereserkia» abesteko.
Ainize BUTRON
Duela 1230 urte, atzo bezalako egun batean, euskaldunek Karlomagnoren frankoen armada garaitu zuten Orreagan. Ez da hura euskaldunek egindako gatazka bakarra izan, baina, «molde erabakigarrian irabazitako azkena». Hori goraipatu nahi izan zuten atzo Orreaga Fundazioak, Orreaga Iritzia elkarteak eta Etxebarrengo elkarteak batera antolaturiko ekitaldian.
Urteurrenaren ospakizuna, ohi den bezala, Karlomagnoren aurkako guduan hildako euskaldunen oroimenez lore eskaintza batekin hasi zuten Kolegiatako klaustroan.
Eguna ongi hasi zen, baina, eguraldiak, horrenbeste gorabehera zirela-eta, egitekotan ziren ekitaldiak hein batean hankaz gora jarri zituen. Eguerdiko ordu batak ziren. Leporaino hodeietan barnatua zen Ibañetako gain horretan, ezer gutxi ikus zitekeen. Eta, autotik irteteko pausoa ematen zuenak, berehala, hotzaren minez, autora sartzera behartuta ikusten zuen bere burua. Erromesen bidea txirrinduz egitea trebatu zirenez gain, ez zen han jende askorik ikusten. Halere, bat-batean, lagun talde bat Nafarroako ikurrak eta arrano beltzak lagun zituztela agertu zen euripean, Roldanen oroimenez bertan kokatua dagoen harrira igotzen.
Ekaitza izan arren, ospakizuna bururaino eraman behar zuten. Eta, eskuetan banderak zituztela Nafarroako ereserkia abesteari ekin zioten, «Gora Nafarroa» eta «independentzia» aldarriak zabaldu aurretik.
Bertan zeuden zenbaitzuen harridura bai piztu zuela ekimenak. «Hauek erotu egin dira», esaten zuten txirrinduz eta oinaze handiz bertara iritsiak ziren erromesek. Mendi kasko horretan izoztea nahiago izan zuten askok, azken hamar urteotan, abuztuaren 15ean, Ibañetako lepoan horrenbeste esanahiz beteriko ekitaldi nagusi hori bertan behera utzi baino, zeren «gaur (atzo) bezalako egun bat historia gogoratzeko egun ezin hobea da».
Euskaldunen oroimenez
Horrela nabarmendu zuten ordu bat geroago Garraldako pilotalekuan bildu ziren lagunek. Xabier Isasi Orreaga elkarteko kideak hartu zuen hitza lehenik. Elkartearen zeregina goraipatzeaz gain, «zapaldutako herriek historiarik ez omen zutela» salatu zuen. Orreagan duela 1230 urte izandako gatazkak aurkakoa frogatzen duela-eta, Estatu espainol eta frantsesaren inperialismoa salatu zituen. «Estaturik gabe ez dugu historiarik izango», azpimarratu zuen, horregatik «inperioaren inposizioaren aurka» egin behar zela aldarrikatuz.
Txalapartaren doinuek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta Isasiren hitzen ondotik, Etxebarrengo elkarteko Xabier Erreagaren txanda izan zen. Azken horrek, 778. urtean gertatutakoa gogora ekarri zuen, eta gatazka horretan euskaldunen aldean izandako zauritu edo hilak sekula aipatu izan ez direla salatu.
Horrekin batera, laster Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izango dela gogorarazi zuen. Eta, horren karietara, Amaiurtik hasita «Nafarroak burujabetza berreskuratzeko martxa» abiatuko zela jakinarazi zuen.
Karlomagnoren aurka euskaldunek eramandako gatazka hura izan zen aitzakia atzo, Euskal Herriak gaur egun duen gatazkara hurbiltzeko, eta, ordutik gaur egun arte euskaldunek jasaten duten zapalkuntza salatzeko ere bai. Horrenbestez, Orreaga Iritziko Kepa Arabitartek gatazka horretan gertatutakoa argitu nahi izan zuen.
«Euskaldunek eramandako gatazka hori desmitifikatu nahi izan dute. Alegia bat asmatu dute, hau da, menditik harriak botatzen zebilen herri primitibo bat ginela esan dute», nabarmendu zuen. Karlomagnoren frankoen armada garaiko indartsuena zenez, horiei aurre egiteko «antolaketa militarra» izatea ezinbestekoa zela argitu zuen, eta, bide horretatik, orduan eramandako gatazka hori «antolatua» zela gogoratu zuen.
Nafarrak historiatik «kanpo jarri nahi» zituztela goraipatu orduko, Wiston Churchill Ingalaterrako lehendakari izandakoaren hitzak gogora ekarri zituen: «Historia baztertzen duen politikoa beste lanbide baten bila joan daiteke». Hitzartze guzti horiek «Gora Nafarroa osoa eta euskalduna» aldarrikapenez tartekatuz joan ziren. Ekitaldiak izan zuen ere kultur kutsua Laka, Mirua eta Xabier Sukia bertsolariak han izan baitziren, baita txistulariak eta abeslariak ere. Ekitaldia amaitzeko, urtero gertakariaren ospakizunean parte hartzen duen Angel Ainziburuk predikua egin zuen.
Irakurketak
Orreagako kultur zerbitzuak, 778an Karlomagnoren gudarostearen aurka jazotako gatazkaren urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia duela bost urte egin zuen. Gatazka horretan hil zen Errolan gudaroste burua, Karlomagnoren iloba, eta gertaera hori kontatzen duen «Errolanen kantua» olerki ospetsuaren irakurketa publiko batez omendu zuten data seinalatua. Irakurketa Orreagako kolegiatako klaustroan egin zuten, goizeko hamaiketan hasita, zortzi hamar minutuko txandetan. Aurretik, Jean Vilar historialari frantziarrak gertaeraren irakurketa historikoa egin zuen.
Ordu biak aldera, gainera, bazkaria eta ondotik atsedenaldia izan zuten, arratsaldeko lauretatik aurrera berriro irakurketari ekiteko. Jardunaldiaren helburua Orreagako gatazkari buruz ezagutzen diren irakurketa, iturri literario eta testu ezberdinak biltzea izan da.
Horretarako, gaztelaniaz, euskaraz, nafar erdaraz, frantsesez eta italiarrez idatzitako testuak irakurri zituzten. Javier Diaz Huder idazleak, Fernando Redon arkitektoak eta Daniel Vidaurreta mendigoizale eta idazleak parte hartu zuten.
«La Chanson de Roland» XI. mendearen bukaera aldera idatzitako poema epikoa da, 291 ahapaldi eta 4.002 lerro dekasilabiko dituena. Hizkuntza erromantzez idatzitako gesta-kanta zaharrena da eta antzinako frantsesez idatzita dago.
Bi multzotan hurbildu zen jendea Ibañetara. Lehenik, hamar bat lagun zeuden bertan, eta kantatzeari ekin zioten. Ondotik, ekitaldia errepikatu egin zuten, beste hainbat auto, eta horien artean autobusa ere igo zela ikusterakoan.
Urtero ospatu ohi dute Orreagako gatazka Ibañetako lepoan Orreaga Fundazioak eta Garraldako Etxebarrengo elkarteak. Atzo, euripean izan arren, ehun bat lagun elkartu zen Garraldan. Kolegiatako irakurketa, aldiz, bost urtetan behin egin ohi da.
Burujabetza aldarrikatu zen atzo handizki. Nafarroak Euskal Herria sortu zuela gogoratzearekin, Nafarroa euskalduna izan behar zuela aldarrikatu zuten atzoko hizlari guztiek. Eta, bota zuten: «Noizbait, Nafarroa euskalduna izango da».