GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gizonezko bat hilda aurkitu dute Lasarten bere etxeko sutea itzaltzean

61 urteko gizonezko bat hilda aurkitu zuten Lasarten, su-hiltzaileek bere etxebizitzan izandako sutea itzaltzerakoan. Ezbeharra larunbat gauean izan zen, 23.30ak aldera, eta atzo oraindik argitu gabe zeuden gertaeraren nondik norakoak. Eraikinak ez zuen kalterik izan.

GARA |

Joan den larunbatean gizonezko bat hilda aurkitu zuten Lasarten, su-hiltzaileak bere etxebizitzan izandako sutea itzaltzera joan zirenean. Gizonak 61 urte ditu, eta ezbeharra 23.30ak aldera eman zen. Atzo oraindik argitu gabe zeuden bere heriotzaren eta sutea piztearen arrazoiak. Suak kaltetutako etxebizitza Lasarteko Urdaburu plazan kokatzen da. Eraikinak, plaza horretako bigarren zenbakidunak, ez zuen kalte gehiagorik pairatu, eta beraz, gainerako bizilagunak ez zituzten beren etxebizitzetatik atera behar izan. Su-hiltzaileek jakinarazi zutenez, bizilagun baten deia jaso zuten, aipaturiko eraikineko bigarren solairutik kea ateratzen zela ohartaraziz. Hara joan zirenean, sua arazorik gabe itzali zuten, baina orduan aurkitu zuten gizonaren gorpua, ustez sutea sortu zen gelan, ohean etzanda.

Ertzaintzak ikerketa hasi du gertaturikoa argitzeko asmoz.

Sutea Donostiako hotel batean

Bestalde, Gipuzkoan larunbat gauerdian ere sute bat gertatu zela jakinarazi zuten. Kasu honetan Donostiako Aiete Jauregia Hotelean izan zen ezbeharra, eta ordu batez hustu egin zuten eraikina. Dirudienez, sutea hotelaren aisialdi lekuan sortu zen, sauna eta spa kokatzen diren lekuan, hain zuzen ere. 3.00ak aldera eraikina zaintzen ari zen langilea laugarren solairutik kea ateratzen zela ohartu zen, eta berehala martxan jarri zen larrialdietarako protokoloa; su-hiltzaile eta ertzainei abisatu ondoren, eraikina hustu egin zuten. Hoteleko bezeroak badaezpada ere 50 minutuz arriskurik gabeko inguruan eduki zituzten. Horien artean Illunbeko Zezen Plazan aritutako hainbat koadrila omen zeuden. Su-hiltzaileek bi ordu pasa zituzten sutea erabat itzaltzen.

bere gelan

Su-hiltzaileek ohean etzanda aurkitu zuten 61 urteko gizona, ustez sutea sortutako gela berean. Garrak itzali ondotik izan zuten gizonezkoaren gorpuaren berri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo