Igeriketa urrezko zortzigarren domina Michael Phelpsentzat
Ametsak egi bihurtzen dira posible dela sinetsiz gero
Bere bizitza profesionaleko 16. domina jantzi zuen Phelpsek, Larissa Latyninak lorturiko 18etatik gertu. Eguneko sorpresa 1.500 metrotan suertatu zen, Tunisiako Melloulik Hacketti irabaztea lortu baitzuen.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Izaeraz hain arrazionalistak garen gizarte honetan ametsek leku eskasa izan ohi dute. Are gutxiago «txakur-ametsek». Hala ere, argi erakutsi du Beijingen Michael Phelps handiak ametsak egi bihur daitezkeela. 4x100 estiloetako finaleko urrea falta zitzaion «Baltimoreko marrazoari» urrezko zortzi domina lortzearen erronka osatzeko. Baita lortu ere eta, noski, igeriketako azken jardunaldiak merezi bezalako errematea izan zezan, munduko errekor eta guzti.
Urrezko zortzi domina, kolkoa bete: 100 eta 200 metro tximeleta; 200 eta 400 metro estiloak; 200 libreak; 4x100 eta 4x200 metro libreak eta 4x100 estiloak. Zortzi urre eta zazpi errekor; ametsak egi bihur daitezkeenaren froga garbia.
Japoniako eta Australiako selekzioek bapo akuilatu zuten Estatu Batuetako laukotea. Hala, Lezak helmugara iristean poza eta zoramena lehertu egin ziren laukote irabazlearengan, Phelpsengan batez ere.
«Egia esan, ez dakit ezta zer sentitzen dudan ere. Errekorrak apurtzeko daude eginak eta gauzarik zoragarriena edozein helburu posible izan daitekeela ikustea da», eman zuen aditzera kazetari baten aurrean eman prentsaurrekoan. «Aurretik egin gabe zegoena lortzea nahi nuen. Ez dut Spitz II izan nahi, Phelps I baino. Hauxe da aurreko lau urteetatik hona bilatu dudana eta lortu dut».
Etorkizunari begira, «hasteko atseden hartu, eseri eta zirkinik ez egitea» du hurrengo helburua Baltimoreko txapeldunak. Bere entrenatzaile Bob Bowmanen hitzetan «fresko hasi nahi dugu, lehenago egin ez ditugun gauzak eginaz, alegia. Hurrengo lau urteak oso dibertigarriak izango dira», azaldu zuen.
Baltimorekoak 16 domina pilatu ditu, horietatik 14 urrezkoak, baina Larissa Latynina sovietarrak 1956 eta 1964an pilaturiko 18 dominetarako bi falta zaizkio. Londres 2012an 27 urte izango ditu Phelpsek eta, bere hitzen arabera, «nire amak bidaiatzen jarraitu nahi du».
Oussama Mellouli
Michael Phelpsez gain, beste protagonista bat utzi zuen igeriketako azkenengo jardunaldiak: Tunisiako Oussana Mellouli, hain zuzen ere.
Igerilari afrikarrak 1.500 metroko finala irabazi zuen eta, hala, Grant Hackett australiarrak distantzia honetan hirugarren urrezko domina olinpikoa lor zezan eragotzi zuen.
Hackettek eta Kanadako Ryan Cochranek eraman zuten finalaren zama aurreneko mila metroetan. Halakoren baten, hamaikagarren hektometrotik aurrera bere igeriketa bizitzen hasi zen Mellouli eta aurreko biak harrapatu eta atzean uztea erdietsi zuen. Hacketten erreakzioa ez zen nahikoa izan.
Emakumeen artean, 4x100 metro estiloen finalean Australia nagusitu zen, munduko errekorra eginez, 3:52.69. Azkenik, 50 metro libreen finalean Britta Steffen alemaniarra izan zen garaile, 41 urteko Dara Torres estatubatuarrari ehuneneko eskas baten aldeaz irabazi ondoren. Australiako Cate Campbell gazteak -16 urte- osatu zuen proba honetako podiuma.
3:29.34
Estatu batuak
(4x100 metro estiloak)
Atenas 2004ko 3.30.68 marka hobetu dute Phelpsek eta bere lagunek.
3:52.69
Australia
(4x100 metros estilos)
Australiarrek beraiek 2007an egindako 3:55.74 denborari hiru segundo jan dizkiote.