GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

BTC, eta antzeko kontsonanteak

Aanalista berantiarrak jo eta ke ari dira igarri nahian ea zer ote zerabilen M. Saakashvilik, Georgiako lehendakariak, bere kaskezur gogorraren barnean Hego Osetia indarrez menderatzeko agindua eman zuenean eta, bide batez, Errusiaren arrapostu bortitza (eta aspaldidanik prestatua, itxura guztien arabera) abiarazi zuenean. Jarduera interesgarria izan daiteke, baina sekretuaren jakitun izango diren bakanek argibide gehiago ematen ez duten bitartean, nekez ziurta daiteke konklusiorik. Begien bistakoa dirudienaz at: Saakashvilik nahi zuena eta lortu duenaren artean alde handia dagoela.

Hausnarbide horren antzutasunaz jabetu direlako edo, bakan batzuek nahiago izan dute galdera aldatu eta, «Bost Eguneko Gerra» deitu den horretan zer/zergatik gertatu den argitzen tematu beharrean, Kaukasoan hemendik aurrera zer gerta daitekeen aurreikustea interesgarriagoa (eta errazagoa) litzatekeela uste izan dute. Eta, jakina, BTC akronominoarekin topo egin dute.

Baku-Tbilisi-Ceyhan petroliobidearen egitasmoa duela sei urte ipini zen martxan Azerbaijan, Georgia eta Turkiak Londresen sinatu zuten itunaren bitartez. Hiru urte geroago bideratu zen lehen zurrustada beltza Kaspiar Itsasoko petrolio-toki azerbaijandarretatik Mediterranioko portu turkiarreraino. Lehen urratsa baino ez zela azpimarratu zuten denek: Nabucco proiektuaren bitartez, oliobidearekin batera Erzurumeraino iristen den gasbidea Europa hegoalderaino helarazteko planak aurreratzen ari ziren, eta Georgiako Supsa porturaino beste adar bat eraikitzeko asmoa aipatzen zen, Kazakhstanek eta Turkmenistanek ere beren erregaiak handik bideratzeko asmoa agertzen zutenez. Clintonen azken Energia idazkaria izan zen (eta Obamarekin auskalo zer izan daitekeen) Bill Richardsonek tentuz (eta Aliev edota Shevarnadze bezalakoekin tratuak egiteko behar den pairuaz) ehundutako sarea fruituak ematen ari zen. Kaspiar Itsaso aldeko erregaiek bazuen aterabidea... Errusiatik, Irandik edota Afganistan-Pakistanetik igaro gabe.

2008ko abuztuko blitzkrieg errusiarrak kolokan ipini du hori, ordea. Nahi duenean eten dezake Moskuk BTCa, erdiko T horretan hain zuzen. Eta alternatiba bila ere hasi dira batzuk: BTCaren baldintza nagusia izan zena, Armenia bazter emanda uztea (Azerbaijan eta Turkiarekin dituen kontraesan historikoengatik), aldagarria gerta daiteke orain...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo