GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Zarautzko Torneoa

Tantoak amaitzea nahikoa ez dela erakutsi du Titinek

Errioxarrak erakustaldia eman zuen eta Laskurainekin batera garaipena eskuratu zuen finaleko partidan

p029_f01_148x108.jpg

TITIN-LASKURAIN 22

XALA-PASCUAL 15

Ander GARTZIA | ZARAUTZ

Titin eta Laskurainek bikote sendoagoa osatu zuten Zarautzko finalean eta gogortasun horri esker lortu zuten Zarauzko torneoko garaipena. Ikusmin handia zegoen aurreko koadroetan errioxarraren eta Xalaren arteko lehia ikusteko eta bi aurrelariek ez zuten hutsik egin. Partida oso gogorra izan zen, batik bat bi atzelarien lan txukunagatik, eta frontisaren aho zuloan jarritako pilotakadek ikuskizuna eman zuten. Hala ere, lapurtarrak egindako tanto bikainak hainbat hutsekin tartekatu zituen eta ezinezkoa izan zitzaien Xala eta Pascuali hogeita bigarren tantora iristea.

Izan ere, Titin maisuki aritu zen aurreko koadroetan, momentu oro Laskurainen laguntzarekin. Laugarren partidua zuen jarraian baina Triciokoak praka zuriak jazten dituen bakoitzean neke guztiak aldageletan usten ditu. Atzokoan arerio latza izan zuen atzean, Pascualek gogor astindu baitzuen pilota eta errioxarrak zailtasunak izan baitzituen aukerako pilotak bilatzeko. Hala ere, Titin ehiztari trebea da eta nahikoa izan zituen zenbait pilota kintzeak bata bestearen atzetik bukatzeko.

Laskurain, finaleko onena

Partidaren bukaeran epaileek Laskuraini eman zioten pilotaririk onenaren saria eta gipuzkoarra pozik azaldu zen: «Gustura nago, gainera nire aurreneko torneoa dut. Baina merituaren erdia Titinena da. Frontoi hau oso gogorra da atzelariontzako baina berak pilota asko kentzen ditu eta lana asko aurreztu dit», azaldu zuen gipuzkoarrak. Bere lana epaitzerakoan ere irribarretsu agertu zen: «Gutxinaka ikasten ari naiz frontoi gogor hauetan nola jokatu eta uste dut maila onean aritu naizela. Pilota altura onean jarri dut eta eta Titin eta biok pilota gutxi galdu dugu», gaineratu zuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo