KRITIKA rock & roll
Katu begien gaueko dirdira, Stray Cats rockabillyei agur esateko
Anartz BILBAO
Long Islanden abiatutako hogeita hamar urteko bidaia bukatu zuen herenegun Stray Cats hirukoteak Barakaldon eta zuzeneko dibertigarria eskaini rockabillyz lepo zen Rockstar aretoan, taldea mito bilakatu zuten kantu bizkorrak jo eta betirako agur esateko.
«Rumble in Brighton» eta «7 Nights to Rock» -gauzak argi uzten dituen izenburua- kantuek ireki zuten zuzenekoa, hamarretan puntu puntuan, zirrara zerien ikusentzule grinatsuen aurrean. Agertokiko ezkerraldean Jim Slim Panthom bateria jotzailea, txorreradun alkandorarekin eta zutik. Eskuinaldean berriz, Lee Rocker kontrabaxu jotzaile fina, besoko tatuajeak bistan eta tuneatutako musika tresna sendoa eskuetan. Erdian, Brian Setzer gitarra jotzaile txundigarriaren Gretsch ospetsua, txaleko gorria zeraman ilehoriaren eskuetan. Hirurak umoretsu eta itxura batean gustura. «Something´s Wrong with my Radio», gaua abiadura hartzen doa zaleak agurtu eta eskerrak emanez dabilen hirukotearen trebeziari esker. Kantu asko eta kontu gutxi, ez da planta ez keinurik soberan, eta hirukoteak ezagun du bizitza osoan zehar bikain egin izan dutena beste behin egitera baino ez direla etorri. Eszenikoki, musikarien lepoan taldearen izena ageri da, Stray Cats, ehunka bonbila zuri txikiz argitua. Beste guztia, musika: «Stray Cat Strut» eta «Runaway boys».
Ikusentzuleen artean, gazte gutxi eta heldu betigazte ugari. Rockzale amorratuak dira asko eta asko, eta ezagun dute soinean daramatzaten vintage arropei, tatuajeei eta gominaz blai egindako tupe dotoreetan. Ikusgarria oso, han hemenka dantzan gustura dabiltzan neska pin up-ak ere, berrogeita hamarretako pelikuletatik atera izan balira legez. Tartean badira bertara hurbildutako punk eta rock musikari ugari ere.
Oholtza gainean ere badira antzinako rock izarren omenezko kantuak: «Gene & Eddie» eta »Sweet Gene Vincent». Ezagun da Stray Cats taldearen sustraia eta iturria nondik datorren. New York hirian atzera begiratua egin eta rockabilly garaietara itzuli ziren taldeen artean errege, hirukoteak Londres hirian egin zituen lehen argitalpenak 80ko hamarkada hasieran, eta denbora gutxian mito bilakatu ondoren laster itzuli ziren itzalera. Hogeita hamar urte betetzear, Barakaldo aukeratu zuten Europako agur bira ekiteko, eta zale amorratuak zuzenean asetzeko. «Blast Off», «Bring It Back Again» eta «Rock This Town» kantuek itxi zuten kontzertua, baina oraindik onena falta genuen, bisetan. The Clash taldeak ezagun egin zigun «I Fought the Law» reggae kantuaren berrirakurketa hasteko eta zaleen orroen artean -honakoan bai, publikoak lortu zuen dagoeneko erropaz aldatua zen hirukotea berriro oholtza gainera erakartzea-, Motorhead taldearen «Please Don´t Touch» kolpe indartsua.
Kontzertuari zegokion gisara segida emateko Nash eta Indio disko jartzaileek erritmo bizkorrekin astindu zuten aretoa, baina gu dagoeneko bertatik ihes eginak ginen, Bilboko Plaza Berrian Manu Dibango kamerundarraren saxofoia entzuteko. Portzierto, ze iruditzen Brian Setzer Orkestra Bilboko Aste Nagusiko kontzertuetan? Horra datorren urterako gure proposamena.
Stray Cats: Brian Setzer (gitarra) + Lee Rocker (kontrabaxua) + Jim Slim Phantom (bateria).
Data: 2008-8-16.
Lekua: Rockstar Live (Barakaldo).
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 45/48 euro.
Publikoa: Areto betea. (Bi mila lagun inguru).