Musharraf joan da, baina ez krisia
P akistango Gobernuak eta Legebiltzarrak ez dute impeachment prozesua hasi beharko Pervez Musharraf herrialdeko presidentetzatik kentzeko, atzo dimisioa eman baitzuen. Orain dela bederatzi urte hartu zuen kargua, estatu kolpea emanda, eta Gobernuko koalizioak prestatu duen kargugabetze prozesuari aurre egin baino lehen erabaki du boterea uztea. Dimisioaren ostean, Senatuko presidente Mohamadmian Sumrok hartu du Musharrafek utzitako kargua hauteskundeak izan arte; gehienez bi hilabeteko epean deitu beharko dituzte. Presidente ohiak esan zuenez, Gobernuko kideek egin dizkioten akusazioak faltsuak dira eta dimititzea erabaki du sor litekeen ezegonkortasuna saihesteko. Zaila da, ordea, dimisio hori nahikoa izatea Pakistaneko krisi politikoa gainditzeko, besteak beste herrialdeko egoera ekonomikoa oso larria baita.
Herrialde gatazkatsua da Pakistan, batzuen eta besteen barne eta kanpo interesak nahasten dira, eta Armadak eta zerbitzu sekretuek botere nabarmena dute; gainera, bertako hainbat leinu Gobernuaren eraginetik kanpo bizi dira. Eta berebiziko garrantzi geoestrategikoa du. Musharraf AEBen aliatu nagusia izan da inguru hartan, azkenaldion Washingtongo Administrazioko zenbait ahotsek presidente ohiaren gestioa gogor samar kritikatu izan badute ere. Batzuen arabera, AEBek herrialde hartako aliatua, eta ez nolanahikoa, galduko dute. Hala ere, ikusteko dago zer jarrera izango duten Pakistango Gobernuan diren alderdiek -joan den abenduan atentatuan hil zuten Benazir Butho lehen ministro ohiaren alderdia eta lehen ministro ohi Nawaz Sharifen alderdia-. AEBen «terrorismoaren kontrako erabateko gerraren» alde agertu dira biak, baina Mendebaldean ez dirudi gauzak argiegi ikusten dituztenik.
Bestalde, Gobernuko bi alderdiok oraindik ez dute egoera nahasi eta larriari aurre egiten jakin, eta ikusteko dago, era berean, elkarrekin gobernatzen jarraitzeko gauza izango diren. Herrialdean nahigabea eta haserrea handia da, batez ere txiroenen artean. Ikusi beharko da, azken batean, horiek edo beste batzuk pakistandarren interesen arabera gobernatzeko gauza diren.