GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lizarrako NaBai uztea hausnartzen ari da EAJ bertako krisia dela-eta

Aurreko uztailaren 14an Lizarrako Kandidatura Batuak NaBai uztea erabaki zuen; hori dela eta, alderdi horren eta Batzarreren arteko hitzarmen baten ondorioz Lizarrako NaBaiko zinegotzia zen Concha Rubiok dimisioa aurkeztu zuen. Aurreko asteetan eztabaida Rubioren oinordekoaren inguruan izan bada ere, orain EAJk baldintzatu du koalizioaren etorkizuna, Lizarrako NaBai uztea hausnartzen ari da-eta.

p013_f02.jpg

Ander PEREZ |

Lizarrako NaBairen baitan azken hilabetean izandako krisiaren ostean, EAJ bertan koalizioa uzte hausnartzen ari da. GARAk jakin ahal izan duenez, alderdiak bihar izango duen bilkura batean erabakiko du Lizarrako NaBain jarraitzea edo, aldiz, koalizioa uztea.

Aurreko uztailaren 14an piztu zen krisia NaBairen baitan, Lizarrako Kandidatura Batuak (LKB) koalizioa uztea erabaki ostean. Argudiatu zuenez, beste taldeekin sakoneko ezberdintasunak zituen hiri-ereduaren inguruan. LKB alderdia Batzarrerekin sinaturiko hitzarmen baten ostean aurkeztu zen NaBairen baitan udal hauteskundeetara eta itun horren bitartez lortu zuen Concha Rubiok zinegotzi izatea, koalizioaren zerrendetan bigarren postuan aurkeztu baitzen.

LKBk bere zinegotziari dimisioa ematea eskatu bazion ere, EAk, EAJk eta Aralarrek zinegotzi bezala jarraitzea eskatu zioten Rubiori; horretarako, kargua LKBren izenean beharrean Batzarreren izenean mantentzea eskatu zioten. Edozein modutan, hilaren hamaikan Rubiok dimisioa aurkeztu zuen, NaBai-rekin LKBren ordezkari gisa aurkeztu zela argudiatuz. Halere, koalizioaren Lizarrako batzorde iraunkorrean kide independente gisa jarraitzea erabaki zuen NaBaiko zinegotzia izandakoak.

Oinordekoaren eztabaida

Geroztik, Concha Rubioren oinordekoaren izendatzearen inguruan izan da eztabaida. Berez, zerrendetan laugarren postuan aurkeztutako Jaime Garini (EA) dagokio zinegotzi berria izatea -hiru zinegotzi ditu NaBaik Lizarran-. Aldiz, NaBairen baitan ez dira ados jartzen. Uztailaren 17an sinaturiko agiri batean, Lizarrako NaBairen batzorde iraunkorrak zinegotzi berria Jesus Chasco (Aralar) izatea eskatu zion koalizioaren gidaritzari. Eskakizuna aurreko uztailean Lizarrako NaBai osatzen duten alderdien hitzarmen batean oinarritzen zen. Izan ere, itun horren arabera, NaBairen barruko sentsibilitate ezberdinak izan behar dira ordezkatuta udal karguetan. NaBaik, Concha Rubioz gain, bi zinegotzi ditu Lizarran; bat EAkoa eta bestea EAJkoa. Ondorioz, Jaime Garinek Rubioren lekua hartuz gero, EAk bi zinegotzi izango lituzke. Halere, egia da baita udal hauteskundeetarako zerrenda osatzeko momentuan, hainbat alderdik Garin zerrendaburu ez izatea eskatu zutela, bestelako profila zuen hautagaia nahi baitzuten.

GARAri egindako adierazpenetan Maiorga Ramirez NaBaiko parlamentariak nabarmendu zuenez, Rubioren oinordekoa izendatzeko erabakia hartzea ez dagokio Lizarrako batzorde iraunkorrari. Orain, halere, EAJren erabakiaren menpe dago Lizarrako koalizioaren etorkizuna. Batzarrek LKBren erabakia babestu ondoren, EA, Aralar eta independenteek besterik ez lukete osatuko Lizarrako NaBai.

HIRU ZINEGOTZI

Dimisioa aurkeztu duen Concha Rubioz (LKB-Batzarre) gain, Iñaki Astarriaga (EA) eta Ricardo Gomez de Segura (EAJ) dira Lizarrako NaBaiko zinegotziak, udal hauteskundeetan 1.368 boto lortu ondoren.

ezberdintasunak

Hiri-ereduaren inguruan sakoneko ezberdintasunak izatea argudiatu zuen Lizarrako Kandidatura Batuak NaBai uzteko. Aralarrek, EAk eta EAJk, aldiz, zinegotzien artean horrelako ezberdintasunik eman ez zela adierazi zuten.

Uharteko alkatea, EAE-ren kontrako erasoen aurka

Uharteko alkate Javier Basterra (NaBai) EAE-ANV alderdiaren kontrako erasoen aurka agertu da eta «herritarren ordezkarien lanari trabak jarri izana onartezina» dela esan du. Nafarroako EAko politika instituzionalerako arduradun Aitor Etxarrik hainbat udal karguekin mantendutako bilkuren harira egindako adierazpenetan, Basterrak «gizarteko sektore orok politikoki zein era baketsu batean ordezkatua izateko eskubidea» duela adierazi du. Era berean, «boto bidez gizartea ordezkatzeko aukeratutako hautetsien udal gaitasuna murrizteko buruturiko ekintzak» salatu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo