Lander Garro Idazlea
Gezurrezko kolpeen mina
EAJk Ajuriako Ituna sinatu zuenean, Espainiaren «lubakira» sartzea erabaki zuela dio autoreak, eta gaur egun hain ondorio larriak dituen kriminalizazio prozesuaren oinarria alderdi jeltzaleak, hain zuzen, jarri zituela. Azkenaldion, ordea, Ibarretxe bera ere lotzen dute ETArekin.
Duela urte gutxi arte, Espainiak hemen gatazka politikoa bazenik ukatzen zuen. Militarrek eskuliburua egin zuten, puntuz puntu gatazkaren politikotasuna ukatzeko moldeak eta dogmak proposatuz, lexikotik hasita: orduantxe esportatu zuten «terrorista» hitza, militarrek proposatuta, eta politikariek nahiz komunikabideek onartuta (eta abian jarrita). Gatazka politikoaren ordez, demokraziaren aurkako eraso terrorista zegoela sinetsaraztea zen helburua (epe luzerako helburua).
Euskaldunok 40 urte eman ditugu gurean gertatzen dena sinplekeria interesatu hori baino askoz ere sakonagoa dela esan eta esan. Gure herriaren politologo bilakatu gara, eta, gure herritik kanpora atera orduko, ondo gordeta eramaten dugu lau hitzetan (nahiz luze-luzean) hemen gertatzen dena azaltzeko hitzalditxoa. Indarkeriaz harago hemen mugimendu politiko erraldoia dagoela aldarrikatzen genuen, ia gizarte oso bat zebilela buru-belarri askatasunaren aldeko borrokan... Baina nekez lor genezakeen ezer, boteretik etenik gabe zabaltzen baitzen ETA zela arazo guztien iturburu. Sua, kea eta odola: horixe zen Euskal Herrian gertatzen zena. Legerik gabeko lurra, esaten zutenez.
Espainiako botereari inolako jaramonik egitea ergelkeria handia zela, hori ere askotan esaten genuen. Francoren diktaduratik eratorritako boterea izanik, mota orotako zapalketak eta gehiegikeriak egiteko gauza izanik, zer sinets dakieke? Politika apur bat gertutik ezagutzen zuten guztiek zekiten Espainiako boterea ez dela bidaide fidagarria. Joxe Arregiren gorpu ubeldua ikusi besterik ez zegoen, edo Mikel Zabalzarena, edo Jose Amedoren keinu zitala, betaurreko ilunen atzean gotortua. Espainiak behin eta berriz eman du sakoneko izaera faxistaren adibide esanguratsurik. Horregatik, borroka ideologikoan, Espainiak zilegitasun urria izan du inori ezer irakasteko edo leporatzeko. Zaila da estolda ataritik paradisuaz hitz egitea. Espainiako Gobernuaren pistoladunak Euskal Herriko kaleetatik paseatzen ziren bitartean, independentziaren aldeko borrokak urrats txikiak egiten zituen: batzuekiko atxikimenduz, eta besteekiko higuinaz.
EAJk Ajuria Eneako Ituna sinatzea erabaki zuenean, alegia, Espainiako botere faktikoen lubakian kasko eta guzti sartzea deliberatu zuenean, gauzak aldatzen hasi ziren. EAJ ez da lagun koadrila bat. Pisu historiko handiko alderdia da, askorentzako eredu, jarraitu beharreko arrastoa. Euskal Herriko tira-bira politikoan bi ziren biolentzia iturri nagusiak: Espainia eta ETA; EAJk, bietako bati (zanpatzaileari) ekiteko zilegitasuna aitortu zion, hain juxtu bestearen aurka aritzeko zilegitasuna eta, bidenabar, Espainiaren erantzukizuna arintzen lagundu zuten, ia hustu arte. Hainbeste hustu zuten, ezen eta gaur Meliton Manzanas bera ere baita biktima.
Euskaldunok urteetan gatazkaren izaera politikoa azaltzeko egindako txindurri lana eskukada batez irauli zuen EAJk. Hedabideek lotsa gutxiagoz areagotzen zituzten euskaldunon bekatuak, norberarenak artez estaltzen zituzten neurri bertsuan. Orduraino oro ETA bazen, aurrerantzean are gehiago izango zen, gure herriaren tragedia historikoa txerrijan bilakatuz, egia kutxa fuerte batean itxi eta giltza Madrileko torturatzaile lukurreruei eskainiz.
Hasierako zalantzak eta dardarizoak uxatuta, orpoz orpo ekin zion EAJk espainiarren laguntzaile lanari. Horretarako aurrelari bikainak fitxatu zituzten: Joseba Arregi eta Juan Maria Atutxa; atzelaririk trebeena txikitzeko jokalari aproposak, inondik ere. Ghettoetako eta kontzentrazio esparruetako polizia-gizon juduen moduan, okupatzaileak baino zitalagoak izan behar zuten, gortearen zerbitzura jarraitzea baitzen xedea. Lokiak eta makilak berotu zituzten Espainiaren aldeko guduan eta, halako batez, gure gatazka honetan eragin maltzurrena izan duen ideia bururatu zitzaien: oro ez dela ETA. Ezker Abertzaleak urteetan esandakoa aintzat hartu zuten azkenik, baina ez mugimendu politikoaren zilegitasun historikoa onartzeko, indarkeriaren erantzukizuna ahalik eta gehien zabaltzeko baizik. Asmakizunak, esan beharrik ez dago, Madrilen ere ezustekoa sortu zuen. Nola izan zitekeen, bada, ETA, ETA bera baino zerbait gehiago? Horri azalpen bat emateko, Juan Maria Atutxaren elekeriak neurri-neurrira egina zirudien («¡Qué bien habla!», esaten zuten espainiarrek): «Hara, jaun andreok, ETAk bonbak jartzen ditu, baina beste batzuek kutxazainak eta autobusak erretzen dituzte, agindu berberei jarraituz». Hona hemen «Y» taldeen sorrera: gaurko egoeraren hazia. Garai hartan aurkitu zuen, Atutxak, bestetik, «Egin» egunkaria ETAren informazio buletina zelako froga, eta segidan etorri dira ehunka lagun itzalpera kondenatzeko teknika sasi juridikoak... Guztiak ideia batean oinarrituta, Atutxaren burutazio hura.
ETAkoa izatea, ETAkoa izan gabe izatea posible bilakatu zen. Esan beharrik ez dago: politika irudimen hutsa da. Nork traba egin, hura ETAko izendatu. Espainiarrek azkar ikasi zuten, eta beste zerbitzari baten eskura jarri zuten horri guztiari asmakeria kutsua kendu eta halako arrazoibide juridikoa ezartzeko edo gehitzeko lana: Garzon epaileari. Ordura arte, espainiarren ametsa zena (mundu guztia kartzelara bidali ahal izatea), lege bilakatu zen. Hara non, tesi ideologiko hutsa zena, printzipio juridiko bilaka daitekeen, horretarako inork inoiz zeharkatu gabeko bidezidorrak erabiliaz. Horra hor EAJko iturginen ahaleginaren uzta eder eta oparoa. Cassinello eta bere lagunen ZEN egitasmoa, parafernalia ideologikoa zena, tesi juridiko bihurtuta... euskaldun abertzaleoi esker!
ETAk defendatzen duen tesi politikoa lurrikararik sortu gabe delitu bilakatu ahal izateko, urteetako marketin lana ezinbestekoa izan da. Gizakiaren historian nekez aurki liteke ETAren ideien aurka izan den borroka ideologikoaren parekorik. Goebbelsek berak ikasle eskasa ematen du Espainiak ETAren aurka sortutako indar amaraunaren alboan. Nekez irudika liteke horrenbeste indar eta eragile biltzen dituen testuingururik. Gertukoena, akaso, AEBek Irak erasotzeko erabilitako indarra izan liteke: iritzi egoera egokia sortuta, ekintzarako mugarik ez. «Gu gara askatasuna: gurekin ez dagoena terroristekin dago». ETA, beraz, Europa zeharkatzen duen mamua da, eta gertu harrapatuz gero, zu zeu ere gatibu eror zaitezke. Guantanamo eta Soto del Real uste baino askoz ere gertuago daude.
Espainiarrak, Europako odolzale porrokatuenetakoak, munduan urte gehienez kolonia bat zangopean izan duten horiexek, moral ikasgaiak ematera datozkigu... EAJren eskutik. Franco bezala: egurra esku batean, eta morala bestean. Azkenaldi honetan, ordea, beste pauso txiki bat eman dute: orain, ia-ia, lehendakaria bera da legez kanpoko; zer uste zuten, bada, euren aurka «ez zirela ausartuko»? Ibarretxeren galdeketa famatuaren harira sortutako kalapita zein hutsala den aski ederki dakigu askok, baina zinez dibertigarria da asmakeriaren asmatzaileak, gutxika, euren amarruan sartzen ari direla ikustea. Espainiarrek azkar asko lotzen dute gustuko ez duten hori ETArekin. Sistema sinplea da: jarri ezazu edozein izenen alboan «ETA» hitza eta laster izango duzu herritarren bat epaile aurrean. Atutxak berak irakatsi zien bidea. Orain, aldiz, Ibarretxeren izena (edo bere galdeketa) da «ETA»ren alboan idazten dena. Erromak ez ditu traidoreak saritzen. Ez dirudi, ordea, EAJ bereziki ezeroso aurkitzen denik herri galdeketaren debekuaren aurrean, ez eta PSOE ere debekatzailearenean. Pressing Catch-aren gisako sasi borroka da: batzuek salto ikusgarri bezain antzuak egiten dituzte arerioa kolpatzeko, eta arerioak lotsarik gabe antzezten du gezurrezko kolpearen mina. Ikuskizunaren amaieran, denek irabazten dute.