GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ibarretxeren uste osoa eta aukera galdua

Gasteizko Gobernuko lehendakari Juan Jose Ibarretxek ez du oraindik erantzun zer egingo lukeen Auzitegi Konstituzional espainolak Gasteizko Legebiltzarrak onartutako kontsulta legea atzera botatzen badu, atzo ere ez baitzuen hipotesi hori aintzat hartu ere egin nahi izan. Ibarretxek, ordea, Auzitegiak kontsultaren aldeko ebazpena emango duen «uste osoa» du. Berak ez du erantzun, baina haren alderdiak argi asko esan zuen legea beteko duela eta, beraz, ebazpena edozein dela ere, men egingo diola. Eguraldiak ez, baina beharbada opor garaiak eraginda, baikor agertu zen arlo politikoari eta ekonomikoari dagokienez ere, «momentu garrantzitsuak» iragarrita. Ez dirudi, ordea, kontsulta legeari buruzko ziurtasuna erabatekoa denik, europar instituzioetara jotzeko asmoa ere agertu baitzuen; hartara, herriek kontsultak egiteko eskubidea Europako agenda politikoan kokatu nahi du. Ez da oso ondo ulertzen asmo hori, aspaldi ez dela, normalizazio eta bake prozesua Europar Batasunaren agendan egon baitzen. Aukera polita izan zuen orduan Frien Ship taldearekin Europara jotzeko. Eta berak badaki zer jarrera izan zuen bere alderdiak prozesu hartan. Beraz, zer dela-eta orain Europa herrien erabakitzeko eskubidea onarrarazteko bide gisa agertzea?

Antzezpenak jarraitzen du. Eta hitzak eskatzen ditu. Arranditsuak, baina hitzak baizik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo