AHT salatu, eta bidai txartelak ordaintzeari uko egin diote berriz ere Bilbon
Bilbon ospatutako AHTren aurkako Egunean, proiektuaren finantziazioan laguntzen duen Euskotren enpresaren bidai txartelak ordaintzeari uko egin zioten berriz ere dozenaka pertsonek; bide batez, ekintza hori burutzeagatik jasotako isunak salatu zituzten.
Ander PEREZ |
Bilbo jaietan murgilduta dagoen honetan, aldarrikapenetarako tarterik ere bada. Esate baterako, atzokoan AHTren aurkako Eguna ospatu zuten, Bilboko 7 Katu gaztetxeak eta AHTren Aurkako Asanbladak deituta. Halere, egunari Donostian eman zioten hasiera, goizeko hamarrak baino minutu gutxi batzuk lehenago hainbat pertsona Euskotreneko trenera igo baitziren, Bilborainoko bideari ekiteko. Eibarren eta Durangon beste hainbat batu ziren Donostian trenera igotakoekin, eta denak batera heldu ziren Bilboko Atxuri geltokira. Bidean zehar AHT eta Lakuako Gobernuaren kontrako leloak oihukatu zituzten behin eta berriz.
Inork ez zuen bidai txartelik ordaindu. Hori zen, hain zuzen, egunari hasiera eman zion ekimenaren helburu nagusia. Hain zuzen ere, iragan urrian jarri zuten martxan «AHT ez ordaindu» kanpaina, abiadura handiko proiektuaren finantziazioan laguntzen duten Renfe eta Euskotren enpresen zerbitzuak ez ordaintzean oinarritzen den dinamika. Atzo Bilboko Atxuri geltokian emandako prentsaurrekoan, dinamikaren bultzatzaileek «ehunka pertsonek» bidai txartela ordaintzeari uko egin diotela azaldu zuten, eta kontzientzia-eragozpen adierazpena aurkeztu dutela ere bai. Izan ere, agerraldian salatu zutenez, Euskotrenek 150 milioi euro ordaintzen dizkio Euskal Trenbide Sareari AHTren bidearen operadore izateko, proiektuaren aldeko hainbat publizitate kanpaina ordaintzeaz gain. Era horretan, AHTren proiektuaren finantziazioa saihesteko «biderik egokiena bidai txartela ez ordaintzea eta kontzientzia eragozpenaren adierazpena aurkeztea» izan dela esan zuten Atxurin bildutako lagunek.
Era berean, AHT eraikitzeak «ondorio antiekologiko eta antisozialak eragiteko, giza baliabideak eta baliabide material eta ekonomikoak alferrik galtzea» dakarrela salatu zuten «AHT ez ordaindu» dinamikaren sustatzaileek. Gainera, bestelako garraio azpiegiturak ordezkatu beharrean, proiektu horrek, ohartarazi zutenez, «ez-gizatiarra den gizarte eredu batera bultzatzen gaitu».
Isunen gaitzespena
Dinamika 2007ko urrian abiarazi bazuten ere, atzoko agerraldian nabarmendu zutenez, «berritasun nagusia» ekainetik aurrera izan da, hamar pertsona isunekin zigortu baititu Lakuako Garraio eta Herri Lan Sailak, kanpainari jarraituz treneko bidai txartelik ez ordaintzeagatik. Atzo adierazi zutenez, jasotako isunaren aurrean helegitea aurkeztu dute zigortutakoek, eta bertan, bidai txartela ez ordaintzearen arrazoiak azaltzearekin batera, ordaindu gabeko diru kopurua Euskotrenek AHTri ordaintzen ari denetik kentzeko proposatzen dute. Era berean, kontzientzia-eragozpen adierazpenaren bidea bakarra dela esaten da aurkeztu helegitearen testuan, «AHT ez ordaintzeko inolako aukera juridiko-legalik ez baitago».
Orain arteko zigortuak hamar badira ere, kanpainaren sustatzaileek gehiago ere izango direla uste dute -ehunka dira kontzientzia eragozpenaren adierazpena aurkeztu dutenak- eta horregatik jarri dute helegite eredua nahi duen orok eskuratzeko moduan, Interneten.
Bestalde, AHTren aurkako Egunak beste hainbat ekimen izan zituen Bilboko kaleetan barrena. Eguerdi aldera, eta behin Atxuri geltokiko ekimena amaituta, 80 pertsona inguruk bertso bazkariaz gozatu zuten Alde Zaharreko 7 Katu gaztetxean, Solokoetxeko eskaileretan.
Horren ondotik, arratsaldeko bostak aldera, gaztetxean bildutakoek «Mendiko Klownstrofobia» izeneko antzezlana ikusteko aukera izan zuten, Xurru Murru antzerki taldearen eskutik.
Gero, iluntzean, 19:00 aldera, 150 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Alde Zaharreko kaleetan. Mobilizazioa 7 Katu gaztetxean hasi eta txosnagunearen inguruan amaitu zen. Bidean zehar, bildutakoek AHT irudikatzen zuen kartoizko tren bat eraman zuten eta proiektuaren aurkako eta Ama Lurraren aldeko oihuak bota zituzten.
Atxurin egindako agerraldian adierazi zutenez, 260 dira orain arte Euskotren eta Renfeko zerbitzuak ordaindu ez dituzten pertsonak, eta aldi berean, kontzientzia-eragozpen adierazpena aurkeztu dutenak.
«AHT ez ordaindu» dinamikaren sustatzaileek salatu zutenez, Euskotren-ek 150 milioi euro ordaintzen dizkio ETSri AHTren bidearen operadore izateko, publizitate kanpainak ordaintzeaz gain.