Eskubaloia Final-laurdenak
Sufrimenduaren saria jaso du Errusiak bigarren luzapenean
Hungaria izango du aurkari biharko finalerdian. Dominen lehiarako beste bi sailkatuak Norvegia eta Hego Korea dira. Gizonek gaur dituzte final-laurdenak
Arnaitz GORRITI | BILBO
Final-laurdenetako neurketa izan ohi da galtzeko garratzena. Finalerdietan galduz gero, gutxienez brontzezko domina irabazteko aukera hor dago oraindik. Alabaina, final-laurdenetan galtzen duenak ez dauka dominarik lortzeko paradarik.
Horixe pentsatuko du gaur Frantziako emakumeen eskubaloi selekzioak; izan ere, atzoko kanporaketan, neurketa osoan Errusiaren aurretik joan arren, bigarren luzapeneko azken segundoetan Shipilovak sarturiko gol batek kalean utzi ditu. Azken emaitza 32-31 izan zen errusiarren alde.
Lehenengo zatitik Estatu frantseseko jokalariek beren defentsa gogorra ezarri zuten, baita lauzpabost goleko aldea berehala hartu ere: 12-16 atsedenaldian. Azken 30 minutuetan Errusiak gol bakarrera hurbiltzea pare bat bider erdietsi zuen, 18-19, esaterako, baina Frantziak berriro aldea hartzen zuen beti, 18-21 edo 21-23. Lau minuturen faltan berdindu zuten errusiarrek, neurketa 24na amaituz.
Bada, beste hainbeste gertatu zen bi luzapenetan. Frantziak hartzen zuen aurrea eta errusiarrek, nekez, neurketari berdinean eusten zioten. Hala, aurreneko luzapena 28na amaitu ondoren, azken minutuetan Errusiak hartu zuen aurrea. Defentsa sendotu egin zuen eta azken minutuan, Shipilovaren golari esker, dominak eskuratzeko bidea aurkitu zuen.
Errusiarren biharko aurkaria Hungaria izango da. Ferling eta Kovacsiszek zazpina gol sartu zituzten Errumaniari 34-30 irabazteko. Lehenengo zatia 18-16 aurretik amaitu zuten norvegiarrek, baina aldea final-laurdenaren bigarren zatian apurtu zen. Norvegia bederatzi golen aldeaz ere egon zen irabazten, 30-21, eta Errumaniaren azken orduko erreakzioak azken emaitza txukundu baino ez zuen egin. Dena den, neurketako golegilerik onena Maier errumaniarra izan zen, 11 gol egin baitzituen.
Norvegia eta Koreak jokatuko dute. Hego Koreak etxeko taldeari, Txinari alegia, egurra eman zion eta 23-31 gailendu zen. Bere aldetik, Norvegiak ere ez zuen eragozpen larregi izan Suediaren aurka 31-24 irabazteko.
Gizonezkoen final-laurdenak
Gizonek, berriz, gaur jokatuko dituzte final-laurdenak. Hasteko, emakumeen partidan jazotakoa mendekatzeko aukera ezin hobea izango dute Frantziako selekzioko gizonek, Errusia izango baitute aurrean. Karabatic eta enparauek behar dute faborito, nahiz eta Errusiarekin ezin den fidatu.
Islandiak eta Poloniak jokatuko dute hurrengo final-laurdena. Wentaren mutilak lirateke berez faborito, baina Olinpiar Jokoetan oso irregular ari dira. Halaxe dabiltza Kroazia eta Danimarka ere. Ivano Balic gabe, asko kosta zaie joko onena aurkitzea kroaziarrei, baina esperientzia eta kalitatea badute aurrera egiteko.
Azken final-laurdenean Hego Korea eta Espainia neurtuko dira. Paradoxikoa da, baina Olinpiar Jokoak hasterako Iker Romerok eta Jon Belaustegik korearrak nahi zituzten partida honetarako. Ordea, Hego Korea bere multzoko lider izan da eta Espainia oso justu iritsi da.
Suediako Eskubaloi Federazioak Oscar Carlen, Fredrik Petersen eta Sebastian Seifer selekziotik bota ditu. Uztailaren 20an partida bat Alemanian jokatu ostean, mozkortu eta hotel batean egundoko txikizioa eragin zuten.