GARA > Idatzia > > Kultura

Herri kantak ahots lirikoz, Ainhoa Garmendia sopranoaren azken diskoan

p034_f02_89x121.jpg

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Ainhoa Garmendia sopranoak, Pello Ramirez biolontxelo-jotzailearekin eta Itziar Barredo piano-jotzailearekin batera osatu duen diskoa aurkeztu zuten atzo Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. «Bihotzeko Amalur» izenburuarekin, hogei abesti biltzen ditu lanak, denak ere herrikoiak.

Garmendiak azaldu zuenez, aspaldidanik zuen «herri kantei ahots lirikoak» jartzeko irrika, eta emankizun guztietan alboan duen Barredok eta Ramirezek lagunduta, «bihotzean» dituzten abestiak grabatzeari ekin zioten iaz Elkar argitaletxeko estudioetan.

Euskal Herrian betidanik kantatuak diren abestiek osatzen dute errepertorioa eta diskoak, oro har, «gure lurraldearen bereizgarri den malenkonia ukitu bat» duela adierazi du Barredok, nahiz eta abesti alaiek ere tokirik baduten.

Hala, «Hator, hator», «Aldapeko», «Nere amak baleki» eta «Hara nun diran» abestiak bildu dituzte, besteak beste, Garmendiak bereziki maite duen «Loretxoa»rekin batera. Gipuzkoarrak azaldu duenez, Benito Lertxundiren kanta abestea bere «ilusioa» izan da, kanpoan dagoenean gertukoez oroitzeko erabiltzen duen konposizio «bereziena» delako.

Bestalde, Barredoren hitzetan, bildutako abestiak behin eta berriz entzunda ere, «badirudi lehen aldia dela», eta nahiz eta tradizionalak izan ez dutela gaurkotasunik galtzen aipatu zuen. Gainera, diskoaren barneko zentzua «sentimentala» denez, entzuleak bilatuko duena ez dela «lan intelektualaren» fruitua izango gaineratu zuen.

Moldaketaren lana

Partaideei «betidanik» gehien gustatu izan zaizkien doinuek osatzen dute bilduma, baina asko eta asko kanpoan utzi behar izan dituztela aitortu dute, eta horregatik, «beste disko» bat osatzeko materiala badagoela aipatu dute.

Gainera, kontuan hartuta herri kantak urteen poderioz aldatuz doazela, arazo nagusi batekin egin dute topo: abestiek letra ezberdinak zituztela. Halere, Garmendiak aipatu duenez, partaideek gogoan dituzten testuak soilik erabili dituzte, egokiena zein izango ote zen kontuan hartu gabe, horregatik, diskoan «sentikortasun» handia nabari daitekeela azpimarratu dute hirurek.

Fitxa

CD: «Bihotzeko amalur».

Interpretea:

Ainhoa Garmendia (sopranoa).

Musikariak:

Itziar Barredo (pianoa) eta

Pello Ramirez (biolontxeloa).

Argitaletxea: Elkar, 2007.

Salneurria: 17¤.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo