GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zazpi urteko espetxealdiaren ondoren, Altsasun da Bixente Goikoetxea «Willi»

Larunbatean berreskuratu zuen askatasuna Bixente Goikoetxeak eta bere herrikideek lehen harrera egin zioten Altsasura iritsi bezain pronto. Zazpi urte igaro ditu preso Euskal Herritik milaka kilometrotara dauden presondegi frantsesetan.

p013_f01.jpg

GARA |

Bixente Goikoetxea «Willi», Altsasuko preso politikoak larunbatean berreskuratu zuen bere askatasuna Estatu frantseseko presondegietan zazpi urtez gatibu egon ondoren.

Askatasunak azaldutakoaren arabera, Estatu frantsesak Goikoetxea kaleratu egin zuen larunbatean, zegokion zigorra bete ostean, eta Madrilen utzi zuen. Han aske gelditu zen, eta Euskal Herrirako bidea hartu zuen, Altsasurakoa, hain zuzen.

Larunbatean bertan, iritsi orduko, 250 herritar inguruk lehen ongietorria egin zioten herrian. Ondoren, Goikoetxeak berak herriko gaztetxean eskegita zegoen argazkia, bere erretratua, pozarren kendu zuen, bildutakoen txalo artean.

Altsasuko bizilaguna 2001eko urrian atxilotu zuen Polizia frantsesak, haren bikotekide Muriel Lucantis eta beraien alaba Maddirekin batera, Tarbeko landetxe batean. 2003an aldiz, Pariseko Auzitegi Korrekzionalak epaitu eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Goikoetxeari; Lucantisi, aldiz, bost urteko kartzela zigorra ezarri zion epaileak, baina espetxean soilik 30 hilabete bete beharko zituela ebatzi zuen.

Atxilotu bezain laster, komunikabide espainolek Goikoetxea ETAko zuzendaritza politikoan kokatu, eta «Zutabe» aldizkariak, erakunde armatuaren barne aldizkaria, egitea leporatu zioten.

Askatasunak jakinarazi zuenez, 2001eko urritik hona Goikoetxea «beti egon da sakabanatuta eta sorterritik milaka kilometrora»; azken urte hauetan Fresnes, Bois D' Arcy, La Sante eta Saint Maur espetxeetan egon baita preso.

Jipoiak espetxean

Larunbatean bertan Sakanako bizilagunek Goikoetxeari lehen harrera egin bazioten ere, ez da hori haren alde egingo duten ekitaldi bakarra, datorren irailaren 6an, larunbatean, Altsasun Goikoetxeari ongietorri ekitaldia egingo baitiote.

2002ko azaroan, Goikoetxea Estatu frantseseko Bois D' Arcy espetxean preso zutela kartzelako funtzionarioen eskutik hainbat jipoi jasan zituen. Altsasuko bizilagunak bezala, Txus Martinek eta Zorion Zamakolak, espetxe berean preso zirenak, eta Juan Antonio Olarrak, Fresnesen zenak, salatu zuten euskal presoek ere kartzelako funtzionarioen jipoiak jaso zituztela. Protesta ugari egin ziren gertakari horiek arbuiatzeko bai presondegietan, bai Euskal Herrian barna ere.

marijaiarekin

Bilboko Aste Nagusiak presoenganako elkartasunerako tartea ere badu, atzo 300 lagunek bat egin zuten Etxerat-ek antolatzen duen elkarretaratzean eta Marijaia ere bertan egon zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo